Ondarearen aurkako delitu zantzuak eta ustezko iruzur zantzuak aurkitu zituen ikerketa fasean epaileak. Erabaki hari errekurtsoa jarri zioten akusatuek, azkenean epaiketa egiteko nahikoa arrazoi daudela ebatzi du epaileak.

Argia.eus bidez

2009. urtean hasi zuen “Iruña-Veleia” auziak epaitegietarako bidea. Zortzi urteren ondoren ordea, ez dago oraindik epaiketarako datarik. Orain epaiketa egiteko nahiko zantzu ikusi du epaileak, eta beraz, pauso bat gehiago eman du auziak Arabako I. Instrukzio Epaitegian.

2006ko ekainaren 8an Eliseo Gil arkeologoaren taldeak, “Iruña-Veleian” aurkitutako 400 pieza inguru aurkeztu zituen. Pieza horiek Kristo ondorengo III. mendekoak ziren. Euskarazko idazki sorta bat eta kristautasunaren zabalpenaren inguruko teoriak alda zitzaketen marrazkiak ziren. Ordura arte Euskal Herrian egindako aurkikuntza arkeologikorik handienetakoa zen.

Berehala hasi ziren iruzurraren inguruko ahotsak ugaritzen. Arabako Foru Aldundiak bigarren iritzi bat eskatu zien hainbat ikerlariri. 2008ko azaroaren 19an inskripzioak faltsuak zirela ebatzi zuen batzordeak. Bide judiziala abiatzea erabaki zuen orduan Aldundiak. Gilen taldeak beti ukatu izan du iruzur akusazioa eta aurkikuntzaren egiazkotasuna frogatzeko hainbat ikerketa kaleratu dute.

Eliseo Gil eta Oskar Escribano Sanz arkeologoak eta Ruben Manuel Cerdan fisikari nuklearra akusatuen aulkian eseri beharko dira. Gilen abokatuak errekurtsoa ezarri zuen Arabako auzitegian euren kontrako akusazioaren aurka, epaileak ordea, errekurtsoaren zenbait atal onartu badu ere, epaiketa egiteko nahikoa delitu zantzu daudela ondorioztatu du.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies