Aletxu Zobaran saratxoarra pasa den astean atera zen kartzelatik. 2011n atxilotu eta espetxeratu zuten Estatu Frantsesean talde terroristako kidea izatea egotzita. Orain eskualdera itzuli da eta bere gatibualdiari buruz mintzatu da, besteak beste.

Aiaraldea.eus bidez

Lehenik eta behin, zein da zure egoera legala?

Behin behineko askatasuna. Frantzian talde terroristako kidea izateaz akusatu eta kondenatu ninduten. Ondoren, espainiaratua izan nintzen akusazio bereko agindu bat gauzatuta.

Horregatik, bestelakorik gabe, askatu naute eta tramiteak lotu bitartean denbora batez epaitegira sinatzera joan beharra dut.

Besterik gabe, Espainiako Erreinuan zein Frantziako Errepublikan bizi osorako lurralde debekua dut eta horrekin batera FIJAIT izeneko zerrendan sartua naukate. Hori, baina, orokorra izaten da Frantzian espetxean egon garenon artean.

Espetxealdi gatazkatsua izan duzu: Lyonen sakabanatua, ondoren Valencen…

Behar bada apur bat bai. Egia da, baina beste kide ugari askoz baldintza zailagoetan daude. Askotan kasu zehatz batzuei arreta eskainita, beste kasu asko estaliak aurkitzen dira.

Nire ustez, problematika orokorra bere maila politikotik abiatuta ulertu behar da, eta hor aurkitu irtenbideak.

Edozein moduan, gogoratu beharko nuke, nire kasu zehatzera itzulita, ez dudala etsaien aldetik inolako oparirik jaso eta nire zigorra osorik bete dudala.

Ateratzean nahiago izan zenuen ongi etorririk ez egitea.

Ez naiz bakarra izan, baina nire kasuak zalaparta sortu du, eta lotsagarria iruditzen zait. Ongi etorrien kontu hori “paripe” hutsa besterik ez da, baina asko baloratzen dut preso politikoen alde aritzen diren guztien lana; furgonetekin, dirua lortzen, eta abar… jakina.

Garaiak aldatu dira eta horrekin batera aliantzak, jarrerak, aukerak eta dena. Hori jende guztiak ulertu beharko luke, baita dena dakitela pentsatzen duten euskal jenioek ere.

Bestela, erabaki hori ez da izan pertsonala, politikoa baizik. Ez dudalako ikusten momentu honetan niri omenaldi edo ongi etorririk egiteko egokitasunik. Ez dut ezer berezirik egin, egin beharra baino, eta nahiko trakets, gainera, askotan.

Nire aberriaren defentsan eskatu zidaten parte hartzea eta hori besterik ez dut egin. Zorionez bizirik nago, oraindik, eta kalera atera naiz ia zazpi urte kartzelan eman ondoren.

Nire omenaldiak estaltzen du irteera datarik ez duten eta momentu bortitzenetan lubakian egon direnekiko atentzioa. Hori da ez dudana nahi.

Nire ongi etorria eta omenaldia izango dira azken gudaria askatzen denean.

Ikusten al duzu irtenbiderik preso politikoen auziarentzako?

Ez, baina hori ez dagokio presoari. Presoa etsaien esku dago eta egin ahal duen bakarra da erresistitzea, burua eta gorputza zaintzea eta bizitzeko gogoak elikatzea harreman osasuntsuen bitartez.

Konponbidea aurkitzea kanpoan dagoen jendeari dagokio, eta ez da zilegi kanpoko ezintasunak espetxe barrura sartu izana.

Nola aurkitu duzu eskualdea?

Poliki ari naiz Saratxoko baserritik sartu-irtenak egiten. Jende asko berdin-berdin ikusi dut: lan eta lan aurrera beti.

Bestalde, telefonoekin eta sareen kontu horrekin ez dakit zer dakarkigun geroak. Asko poztu nau jakiteak Orbeko Etxeak hor jarraitzen duela, gaztetxeak, Aiaraldea…

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies