Urtero gertatzen zait gauza bera. Urtean behin bai, gutxienez. Armairutik arropa aukeratu, kalera ateratzeko jantzi, logelako atera hurbildu… eta belaunak dardaraka hasten zaizkit. Ez dakit beti izaten den garai bertsuan, urte-sasoi antzekoan. Ez dakit beti izaten den goizez ala arratsaldez. Edo gauez. Kalera ateratzeko prestatu eta indarrek eskapo egitea. Eta gogoak.

Labritek alde egin zuenetik gure etxea kanposantuak baino isilago dago. Telmo batetik bestera pasiatzen da hobitik ateratako hildako berpiztu bat balitz bezala, edo emazteari loreak ekartzera etorri den gizon zimur eta mutu bat. Ia ez diogu ezer esaten elkarri. Nork bere buruari bai, baina hori, beti isilean.

Ez dakit zergatik gertatzen zaidan. Ez dakit urtaroak zerikusirik daukan, edo asteko egunak, edo egunaren orduak, edo hotzak, edo beroak. Logelako ateko heldulekuari eragin eta hortxe ahitzen zaizkit indarrak, hortxe hasten belaunetako dardarak.

Lehen, sikiera, lagunak etortzen ziren noizean behin bisita egitera etxera. Afari-legea egiten genuen tarteka, eta hitz-aspertuan entretenitzen ginen, ia goiz-albak harrapatzen gintuen arte, zein baino zein aho-loreago. Ama ere etortzen zen tarteka, beti begi kezkatu horiekin, eta arrandegiko filosofiaz, fruta-dendako etikaz eta ile-apaindegiko moralaz hitz eta pitz aritzen zitzaidan. Baina aspaldi da ez dudala inor ikusten, ez bada Telmo mamu hori, pasilloan agurtu ere egiten ez didana.

Labriten gutunak ere udazkenak eraman ditu, zuhaitzetako beste hosto bat gehiago balira bezala, eta postontzia hutsik eta hotzak esnatzen da goizero.

Batzuetan, urtean behin bai behintzat, logelatik ateratzeko indarrak biltzeko ere ez naiz izaten kapaz. Iruditu egiten zait, bat-batean, munduak itxura estrainioa hartzen duela, nire logelak logela itxura izateari uzten diola, zoroetxeetako gela aseptiko horietako baten itxura hartzeko, horma barrubigunekin eta metalezko altzariekin. Eta une batez nire buruari galdetzen diot ea ez ote naizen benetan burutik jota egongo, ea ez ote nagoen benetan eroetxe baten barruan. Hain da erreala begiek erakusten didatena! Baina, ez, gauza jakina baita zoroak besteak direla, beti besteak.

Ez al zaizue zuei halakorik inoiz gertatzen?

Halakoetan, nik mesanotxean gordeta ditudan pilulak irensten ditut. Hala aholkatu zidan behinola norbaitek, nahiz ez dudan akorduan nork. Bi gorri eta urdin bat. Berehala lasaitzen zaizkit belaunak, berehala uzten dio munduak gauza lauso eta estrainio hori izateari. Eta korridorera ateratzeko adorea berreskuratzen dut, eta hormak lagunen argazki alaiz beteta ikusten ditut berriro, eta iruditzen zait Telmok irribarre erdi bat eskaintzen didala pasieran, eta… entzun al duzue hori? Norbait ari da ateko txirrina jotzen.

Akaso, Labrit izango da, etxera itzultzen, dena egon dadin berriro bere lekuan, beti egon den moduan. Aterantz noala, egongelako leihoa ireki dut eta aire fin bat sartu da. Ez al duzue zuek usaintzen? Normaltasunaren usaina da.

Batzuetan, urtean behin-edo, begiekin begiratzea ahazten zait, eta mundu beldurgarri eta ilun bat egin dugula ikusten dut. Eskerrak gutxitan gertatzen zaidan eta azkar pasatzen den, horiek zoroen gauzak besterik ez baitira.

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies