Azaroaren 10ean eta 11n Gasteizen egongo da “Lan duina, bizi duina” lemapeko ekimena. Laudion, Agurainen eta Oionen ere egongo dira azaroa eta abendua bitartean.

Martxan da LAB sindikatuak antolatutako Ekimen Ibiltaria. Behin abiatuta, Euskal Herri osoa zeharkatuko du abenduaren 6a bitartean, tartean, Arabako eskualde ezberdinetatik igaroz.

Lanaren eta bizitzaren prekarizazioari aurre egiteko proposamena da hau eta hor jarri nahi izan dute indarra sindikatutik: “Lan harremanen prekarizazioaren kontrako borrokan sakontzearekin batera, LABen eskaintzak eta praktika sindikalak une honetan soldatapeko lana duten langileen behar izanei erantzutea baino harago joan behar dute. Langilego osoaren errealitateari erreparatzen diogu. Guzti guztiak ditugu buruan”.

“Lan duina, bizi duina”, hori da sindikatuak erabiliko duen leloa. “Garaia da bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraikitzeko, eta hala aldarrikatuko dugu herriz herri, eskualdez eskualde”, adierazi du LABek.

Proposamen ezberdinak kolektibo desberdinei helarazi nahi dizkiete. Horretarako, karpa bat jarriko dute, jendea gerturatzeko, eskaintzak ezagutzeko eta materiala elkarbanatzeko.

Aldi berean, langile klasea bere osotasunean kontutan hartu nahi dute eta ohiko sindikalgintza ereduarekin identifikatzen ez diren kolektiboei eskua luzatu diete: “Lehenik egoeraren kontzientzia hartu behar dugu. Prekarietatean bizitzera kondenatu nahi gaituzte, baina hori ez da normala, badago nahikoa diru guztioi bizitza duina bermatzeko. Bigarrenik, borrokara batzeko eskaintza egiten dugu, aktibatu eta mobilizatu behar dugu. Kolektibo bakoitzari borroka eskaintza espezifiko bat egingo diogu, bere errealitatetik abiatua eta bere errealitatea iraultzeko”.

Eskualdez eskualde, Araban ere bai
Azaroaren 10ean eta 11n, Gasteizen egongo da ekimen ibiltaria. Ostean, 13an, Oionera abiatuko da eta 14an Agurainen egongo da. Agurainen, gainera, ehun produktiboaren suntsiketa salatuko dute ekimenaren baitan. Arabako azken geltokia, Laudio izango da, abenduaren 1ean. 

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies