Hasi da 2017-2018 ikasturtea. Eta ikasturte hasierarekin batera, hasi dira gipuzkoarren bertso-poteo, bertso-kalejira, triki-poteo, triki-bertso-poteo, bertso-zumba, alboka-saltsa, triki-pilates… ekimen bortitzak Kutxi kalean ostegunetan. Alde Zaharreko bizilagunak nekatu dira, horren erakusle azken asteetan egin dituzten kazeroladak.

“Kataluniako aitzakia sinetsi zuten baina unibertsitateko ikasleak behin betiko botatzea zen gure asmoa”, adierazi du Artzai Garcia de Altzo ustezko gasteiztarrak.

Baina tirabirak ez dira Kutxi kalean geratu. Araba Tomorrowk jakin duenez, Markel Olanok prezio berezia jarri nahi die ikasleei Gipuzkoa-Araba autopistan. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ez du begi onez ikusi neurria eta bolardoak ipiniko ditu orain Kutxi kalean. Modu honetan, Ernai Gazte Antolakundearen udako tesi nagusiarekin bat egin du Gasteizko alkateak.

“Bolardoak jarriko ditugu Fariñasen eta Aldabe gizarte-etxean. Momentuz, neurri puntuala izango da hau, gipuzkoar unibertsitarioen aurkakoa. Baina ez badute agindua betetzen, neurria kolektibiziatuko dugu. Baliteke hurrengoak Ttek elektrotxarangoakoak izatea”, mehatxatu du Urtaranek.

Ikasle Abertzaleak sindikatuak, aldiz, unibertsitateko sindikatu nagusiak, neurria “burgesa” dela esanez erantzun dio Gasteizko alkateari.

Araba Tomorrow ez da albo batera geratu eta unbiertsitarioei galdetu die. Izena eta aurpegia eman nahi ez duen ikasle batek konfesioa egin digu: “Zamorakoa naiz. Gasteizera ikastera etorri nintzen leku espainola delako, baina integratzeko Oroitz izena asmatu behar izan nuen eta nahi gabe bertso bazkari batean nengoen. Ez dakit sikiera zein zen bazkari horren helburua: presoak, ikasleak, euskera…”.

Azpeitia-Azkoitia mugako beste ikasle batek, “lejia” txiki bat eskuan duela, gogor kritikatu du Urtaranen neurria: “Guk euskaldundu genuen Araba. Guk euskaldunduko dugu Gasteiz. Poteoa dohainik izan beharko litzateke. Maketoek, berriz, ordain dezatela”.

*Hau umorea da. Umore serioa. Pikati hutsa bazara, hau ez da zure lekua

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies