Azkenotan ez dut egunkaria irakurtzen, tabernaren batean goizeko kafesnea hartzeko sartu ezean. Ez dut teleberririk ikusten inongo katetan. Ez dut irratia pizten, etengabeko musika botatzen dutenetako bat izan ezik. Funtsean, ez dut egunerokotasun mediatikoan murgiltzeko ahaleginik egiten. Are gehiago, esan liteke kontrakoa egiten dudala: nahita horretatik ihesi nabil.

Gauza handiez, eta nahi baino txiki gehiagoz ere maiz, twitter bidez enteratzen naizela aitortu behar, dena dela. Eta horrek are eta sendoago bihurtzen du nire ihesa, ez-arian hartu dudan erabakirik gabeko erabakia.

Zeren eta nik diru publikoa lapurtu dutenak pikotan jarriko nituzke, Matxete plazaren erdian, kapirotea buruan, saiek erraiak jan diezazkieten. Edo, pikotan baino hobeto beloritean, 1596ko Refranes y Sentencias-ek dakarren hitz politaz baliatuz. Bertako errefrau batek dioenez, Belorita, ezkur ona eskeki asko baleuko, hau da, “Pikota, fruta-arbola ona (litzateke), zintzilikario asko baleuzka”. Eskeki pilatxo bat izango lituzke nire beloritak, arraioa.

Jendearen protestak ito dituztenak, edo oraindik ere horretan dabiltzanak, aldiz, Sisiforen lanak egiten ipiniko nituzke, harria maldan gora bultza-bultzaka igotzen, gailurrera gerturatu bezain laster behin eta berriz maldan behera abia dakien.

Hedabideetan egunero gezurretan dabiltzan ahobero, ziniko eta maltzurrei, oihuka komunikatzen direnei edota gorrotoari axaxa ematen diotenei, ostera, mihia ebakiaraziko nieke, edo motozerraz, edo kurrikaz: oraindik ez dut erabaki.

40.000 mila pertsona itsasoan galtzen utzi dituztenak. Jendea kalean lotan ikusi eta etxea hutsik daukatenak. 6.000 euroko poltsak erosten dituztenak, edo ahal izanez gero erosiko lituzketenak. Enpresa itxi, langileak bota eta urrezko jubilazioa dutenak.

Urratu, apurtu, hautsi, mailatu, jo, suntsitu, bertan behera bota nahi nituzke. Jipoitu, astindu, egurtu, hebaindu, makilatu. Iletik tiratu, aurpegia atzamarkatu, zarratatu, zafratu, zehatu.

Batzuetan etxeko atean bizi den armiarma amaraunetik zintzilik ikusi dut, geldirik, niri so. Eta ni berari so gelditu naiz, hipnotizaturik. Auzokoak uste du kosk egin didala. Zuek ere pentsatzen duzue armiarmaren pozoiak burutik egin nauela?

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies