Entzun nuen behin txiste (nire ustez) arrazista bat. Lagun batek besteari arrazista izatea leporaturik, hark erantzuten zion: “Ez, ez, ni ez naun arrazista, ni ordenatua naun, beltzak beltzekin, zuriak zuriekin…”. Parentesi artean jarri dut “nire ustez”, izan ere, txiste hori arrazista bada, zer dira gure eskolak arrazistak ala ordenatuak?

Gasteizen maiz salatu dugu eskola-segregazioa, iaz lau eskoletan etorkinen seme-alaben kopurua %80 baino altuagoa zen, hogeietan %30 baino altuagoa. Bat izan ezik, denak publikoak. Hurrengo urteetan haziko dira portzentaje ordenatuak, izan ere, eskola batean ikusten denean ume koloretsuak sartzen hasi direla, urte gutxiren buruan pasatzen da eskola “normal” bat izatetik ghetto-eskola bat izatera. Arduradunak Hezkuntza Saila, gurasoak eta eskola sistema bera dira.

Izan ere, arazoa aspalditik dator, eta ez da soilik Gasteizko gauza arraro bat. Esango nuke eskola bat baino gehiago dauden herri guztietan dagoela. Gurasook dauden aukeren artean hautatu behar dugu: publiko ala kontzertatu, kristau ala laiko, euskara gehiago ala gutxiago, abertzaleago ala Waldorf hezkuntza, Montessori metodoa ala anarkista. Txikitatik nor bere bandokoa da.

Nik A ereduko kristau eskola batean ikasi nuen. 50 metrora A ereduko eskola publikoa zegoen, (arlote batzuk, gaiztoagoak eta batez beste beltzaranagoak). Gasteizko “onena” hala ere, igerileku eta polikiroldegia zeuzkan ikastola bat zen. Umeok ez ginen asko nahasten, eta eskolatik kanpo ere, adibidez, bakoitzak gure igerilekua genuen: aberatsenek La Peña, gero Estadio, ondoren Mendizorrotza, azkenik Gamarra (hango urak uherrago). Ba omen ziren batzuk igerilekura joaten ez zirenak.

Gaur egun eskola-segregazioa salatzen dugunean, ez da hainbeste egoera aldatu dela, baizik eta heldu diren azken etorkinen umeen koloreek agerian utzi dituztela eskola-sistemako bandokeria eta klasismoa berriz ere.

Islandia aipatzen hitzez betetzen zaigu ahoa. Baina benetan nork nahi du eredu bakarreko eskola sistema bat eta %99 publiko?

Indarrean dagoen eskola aukera herri honen historiaren ondorio da: eskola kristauak, frankismo sasoian euskaraz ikasi ahal izateko sortu ziren ikastolak, eskola “nazionalak”, kooperatibak, irakaskuntza “libre”koak.

Nork berea defendatzen jarraitu ahal dugu ala gizarte osoa modu inklusibo, laiko, publiko eta euskalduntzen duen eredu baten bila joan.

Nik ez dakit, azken batean, euskaldunak jende noble, langile, lagunen lagun… eta ordenatuak gara.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies