Altsasuko gazteek 326 egun egingo dituzte kartzelan gaur, eta jakin ezazu zenbagarrena beteko duten estatu espainiarrean eta frantziarrean sakabanatuta dauden gainerako 309 euskal preso politikoek. Arnaldo Otegi eta Rafa Diez duela oso gutxitik esna daitezke beren etxeko ohean. Ez dakit zenbat auto-istripu eduki dituzten dagoeneko presoen senideek eta lagunek aurten.

Duela gutxi arte, Auzitegi Nazionalaren hobby gustukoenen artean zegoen manifestazioak debekatzea. Zenbat pilotakada igaro ote zaizkigun orkatiletik bost zentimetrora, eta zenbatek zulatu diguten bizkarra. Burua izan ez bada. Cabacas.

Noelia Noemi ile-apaintzaileari zintzurra moztu zion senarrak pasa den astean, Sestaon. Herenegun, aizkorakada batek hil zuen Ana Belen hezitzaile gasteiztarra. Senarrak hil zuen. Larunbatean, txerrikeria bat esan-jaurti-bota zion tipo ezezagun batek lagun emakume bati taberna batean, ahoa bete-bete. Bakean uzteko esan, eta bera jotzera etorri zen, oldarkor. Geratu egin genuen. Estatu espainiarrean, 80 erailketa matxista izan dira jada 2017an.

Transbollomarika Sareak Gasteizen gertatutako lau eraso lesbofobo edo transfoboren berri eduki zuen udan. Armairuek kaleak betetzen dizkigute, ikusten ez ditugun arren.

Komentario arrazisten eta xenofoboen ondorioz, Twitterreko txoriak botaka egin zuen atzo. Alemanian, bi ordu eta erditik behin egoten da eraso xenofobo bat. Los Pichis ijito-familiak sekulakoak jasan zituen Abetxukun, duela urtebete eskas.

2017an, oraingoz, 20 langile hil dituzte lan-baldintza eskasek Hego Euskal Herrian. Soldata are eskasagoen ondoriozko pobreziak zenbat berogailu itzaliko ote dituen aurtengo neguan.

Pentsa ezazu zenbat indarkeria, gehiegikeria, diskriminazio eta zapalketa bizi izan ditugun azken hamazazpi urteotan; seguru aipatu ez ditudan pila bat bururatuko zaizkizula. Milaka.

Igandean, erreferenduma egin zuten Katalunian. Estatu espainiarrak poliziez, pilotakadez, zartakoz eta bandera espainiarrez bete zituen hango kale eta eskola ugari. Bideo beldurgarri asko ikusi ditugu. Izugarria izan zen.

Gertakari horien harira, frankismoari, XXI. mendeari eta 2017. urteari egindako aipamen pila entzun ditut, bai sare sozialetan, bai hedabideetan, bai jendearen ahotan. Frankismoaren garaitik hona bizi izan ditugun gertakari larrienak izan direla diote batzuek, Euskal Herrian gertatutakoak lurpean gordeta-ahaztuta egongo balira bezala. 309 preso politiko horiek beren etxean lokartuko balira bezala.

XXI. mendean Kataluniakoak gerta eta onar ezin daitezkeela diote, XXI. mendea garai txit agurgarri prestu baketsua balitz bezala. Harrituta hitz egiten dute, gainera. 2017an gaudela! Azalduko al dit norbaitek zer duten XXI. mendeak eta 2017ak magikotik? Bataren ordez bia jartzeak bidegabekeriak amaiarazi zituen akaso? Nik ezetz uste dut.

Denbora antolatzeko tresna dira mendeak, eta, batez ere, historiaz hitz egiteko balio dute. 100 urte igarotakoan, mendea amaitzen da, eta beste bat hasten. Ez da besterik gertatzen. Ez, gizartea ez da egun batetik bestera aldatzen. Espainiar estatua ez zen 1999ko gabonzaharretan aldatu, eta boteredunek ez zioten beren armak erabiltzeari utzi. Heteropatriarkatu kapitalistak bere horretan jarraitzen du. Berdin-berdin.

XXI. medea, berez, ez da ezer. Ez pentsa aurreko mendeetakoak baino hobeak garenik. Gainera, gertakarien ondoriozko harridura-aurpegiz oihukatzen dugunean XXI. mendean gaudela, nongo XXI. mendeaz ari gara?

Alaitz Andreu Eizagirre

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies