Erreferenduma gutxienekoa da

“E” egunaren ondorengoa den honetan iragan igandean Katalunian gertatu zen jardunaldi historikoari dedikatu behar, ezinbestean, gaurko zutabea. Ez naiz sartuko iragarpen politikoen eremu labankorrean, ez bainaiz ni analista politiko iaioa. Ez diet kasurik egingo bozketaren emaitzei, ezta parte hartzaileen kopuruei ere. Ez dut ezbaian jarriko igandeko bozketaren emaitzak berme nahikorik ote duen, edota loteslea ote den; izan ere, pasa den asteburuko erreferenduma gutxienekoa da. Baten bat ohartu ez bada ere, Katalunia, dagoeneko, independientea da. Eta jadanik ez dago horri buelta emango dionik. Kataluniako biztanleriaren gehiengo zabal batek aspaldi eten ditu Espainiarekiko izan zezakeen edozein lotura; eta baten batek dudarik bazuen, Rajoyren gobernua ardurtu da azken orduotan zalantzati horien ideiak argitzeaz, nola eta ostiaka, gainera.

Erreferendumaren emaitza edozein delarik ere, Kataluinako herriak irabazi egin du. Irabazi du, asmatu duelako espainiar estatuaren gabezi demokratikoak eta izaera faxista nazioarteko agertokira plazaratzen. Euskal Herrian eskarmentu handia daukagu estatuaren jazarpena pairatzeko orduan. Pertsonako polizia koporu handiena duen Europako eskualdea izanik, ikusi dugu nola ixten zituzten komunikabideak, nola debekatzen zituzten alderdi zein erakunde politikoak, nola kartzelaratzen zituzten ekintzaile politikoak, nola kolpatzen zituzten manifestariak, nola torturatzen zituzten militante politikoak… baina gehiegikeria horiek ez dira inoiz bilakatu nazioarteko iritzi publikoaren kezka. Kataluinako herriak, aldiz, irabazi du zilegitasunaren dema, agerian utzi duelako estatu espainolaren izaera antidemokratiko trogloditena.

Baina Kataluinako herriak irabazi du, batez ere, hiritarren gehiengo handi bat ahalduntzeko gai izan direlako, herri antolatuak buruzagitzarik gabe funtzionatzeko gauza dela erakutsi dutelako. Ikusi besterik ez dago iragan igandeko irudiak. Auzotarrak, gurasoak, nerabeak, suhiltzaileak, estibadoreak, nekazariak, edadetuak… denak elkarlanean amankomuneko ongizatearen defentsan. Haietako askok, gehienek seguraski, duela urtebete ez zuten izango berebiziko izpiritu iraultzailerik, ez inolako sen apurtzaile edo legeurratzailerik, baina egun erreferendumaren defentsan hortzak estuturik kalera atera ziren horiek asumituta eta normalizatuta daukate desobedientzia zibila zilegia eta bidezkoa dela, eta historian zehar zibilizazioak desobedientziaren bidez aurrera egin duen bezala, oraintxe dela mementua desobedituz historiari astindu bat emateko, komunitatearen hobe beharrez. Eta konbentzimendu hori jedeak egin du bere, bere kasa antolatuta, gidatuko dituen inolako aginterik gabe. Horregatik Kataluniak dagoeneko irabazi egin du, eta erreferemduma gutxienekoa da. Gerora etortzeke dagoena ikusteke dago. Mamboa hastera doa!

Koldo Alzola

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies