Urritik ekainera euskara ikasteko aukera ugari aurkeztu ditu AEK-k. Euskara maila guztiak, titulu homologatuak lortzeko ikastaroak, autoikaskuntza eta taldeentzako ikastaro bereziak eskainiko ditu 27 gune ezberdinetan. Matrikulazio epea irailaren 22ra arte irekita dago.

Euskara maila guztiak, titulu homologatuak lortzeko ikastaroak, autoikaskuntza eta taldeentzako ikastaro bereziak eskainiko ditu AEK-k 2017-2018 ikasturtean, urrian bertan hasiko diren klaseekin. Ikastaro hauek guztiak instituzioek diruz lagundutakoak diren arren, “doakotasuna eta ezagutzaren unibertsalizazioari begira baldintzak sortzeko, Arabako gainontzeko euskaltegiekin elkarlanean ari” direla argitu dute. Azaldu dutenez, hainbat ordutegiren artean hautatzeko aukera egongo da: goizez zein arratsaldez, asteko egun guztietan. Araban, guztira, 27 gune jarriko ditu eskura AEK-k. Hauetako batzuk euskaltegiak izango dira; beste batzuk, “gela desplazatuak” deritzonak:

  • Gasteizen: Lakuan, Aranan eta Judimendin.
  • Aiaran: Laudion, Amurrio, Artziniega, Arrespalditza, Arakaldo, Luiaondo, Orozko, Okondo eta Urduñan.
  • Lautadan: Agurain, Araia, Dulantzi eta Ozaetan
  • Zuian: Murgia, Ondategi, Gopegi eta Izarran.
  • Mendialdean: Kanpezun, Maeztun eta Lagranen.
  • Trebiñun: Argantzunen eta Trebiñun.
  • Añanan: Langraitzen eta Rivabellosan 

Gainera, Lautadan eta Aiaran, adibidez, mintzalagun edo gurasolagun erabilera egitasmoak egongo dira. 

Matrikulazioa bultzatzeko ekimen ezberdinak

Matrikulazio epea amaitu aurretik, ekimen ezberdinak egingo dituzte, Gasteizen batez ere. Irailaren 16an, adibidez, Zaramagako jaietako Munduko Arrozen ekitaldian egongo da AEK. Egun berean, Laudion, matrikulazio ibiltaria egingo dute Laudio plazan. Irailaren 22an amaituko da matrikulan izena emateko epea.

Ospatzeko, irailaren 23an, larunbatean, 12:30etatik aurrera, Gasteizko Taberna Ostatutik triki-poteoa egingo dute, beranduago hiriaren erdialdera hurbiltzeko.

“Gasteiz euskalduna”, hori da AEK-ren helburua, argi eta garbi. “Egingo al dugu” izeneko programarekin, adibidez, ikas-prozesuan osagarri eta lagungarria izateko euskara ikastea dinamiko eta dibertigarriagoa egin nahi dute. Bukatzeko, herritarrak animatzeko deia luzatu dute: “Orain, arabarron txanda da. Gure apustua euskaltegiak ikaslez betetzea da”.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies