Aurrez iragarri legez, irailaren 23an hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Baigorrin. Finalerako hitzordua, berriz, abenduaren 17an izango da Barakaldoko BECen. “Lehen aldiz aldi berean euskararen zazpi lurraldeetan” eta Araban ere ospatuko dituzte kanporaketak: Amurrion eta Bastidan.

Argia.eus bidez

Ez da sinbolismo hutsa, bertsolaritza bizirik egotearen isla baizik. Hala azaldu du Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak Bertsolari Txapelketa Nagusia Euskal Herriko zazpi herrialdetara joatea. Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa , Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldok hartuko dituzte saioak. “Guzti horietan presente dago bertsolaritza, moduren batean edo bestean”, adierazi du Jokin Castaños txapelketaren talde antolatzaileko kideak.  

Castaños eta Muruarekin batera aurkezpenean izan dira Hegoaldeko lau herrialdeetako bertsozale elkarteetako lehendakariak, eta Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkartekoa. Nabarmendu nahi izan dute txapelketa nagusia ez dela lau urtean behineko gertakari isolatua, egunero bertsolaritza bultzatzeko egiten den lanaren ondorioa bizik.

43 bertsolarik, hogei epailek eta hamazortzi gai jartzailek parte hartuko dute txapelketan. Azaldu dutenez, aurreko edizioko finalistetako batek, Unai Iturriagak, ez du aurtengorako izena eman, eta inork ez du hura ordezkatuko.

Finalerdia, bi txanpatan 

Lehenik sei final laurden jokatuko dira, eta ondoren finalerdiak, bi fasetan banatuta. Bi horien artean puntu gehien lortzen duten zazpi bertsolariak Amets Arzallus egungo txapeldunarekin batera arituko dira BECeko finalean. Saio guztiak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira, finala izan ezik.

Final laurdenetarako sarrerak eskuragarri daude jada nahi duen ororentzat (www.bertsosarrerak.eus atarian). Finalerdi eta finalekoak, berriz, Bertsozale Elkarteko bazkideek baino ezin izango dituzte eskuratu urriaren 2ra bitartean.

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies