Uriarte eta Adunari ezarritako espetxe zigorrak salatu dituzte Gasteizen

Uriarte eta Adunari ezarritako espetxe zigorrak salatu dituzte Gasteizen

Kalera Kalerak deituta, manifestazioa egin dute Gasteizko erdialdean Igor Uriarte eta Raul Adunari 6 eta 7 urteko espetxe zigorrak ezarri ostean. Guztira 300 lagun baino gehiagok egin dute bat mobilizazioarekin.

Lagun ugari batu dira Gasteizen, ostiraletan burutzen den Etxeraten elkarretaratzearen ostean, Kalera Kalerak deituta “Txopo” eta “Felli”ren askatasuna eskatzeko. Manifestazioa amaitzerakoan deitzaileek azaldu dutenez, auziperatuek Parisen egin bezala, “errepresioa bertan behera uztea eta eszenatoki demokratikoa lortzerako bidean pausoak emateko” beharra azpimarratu dute.

Gainera, Kalera Kaleratik, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta bestelako antolakundeei preso, iheslari eta deportatuen etxeratzean konprometitzeko deia luzatu diete. Abenduaren 9an, Pariseko mobilizaziora joateko deia egin dute aldi berean.

Ostegunean amaitu zen Igor Uriarte eta Raul Aduna gasteiztarren aurkako epaiketa Parisen, Frantziako epaitegietan. 6 urteko espetxe zigorra ezarri diote Uriarteri; 7, aldiz, Adunari.

Uriarte eta Aduna 2013ko uztailaren atxilotu zituzten Frantziako indar polizialek, beste lau kiderekin batera. Epaiketan, beraz, sei lagun epaitzen ari dira guztira, prozedura korrekzionala baliatuz: gehienez 10 urteko zigorra ezarri ahal zieten. baina 7 urteko eskaera egin dute haietako laurentzako eta zortzi haietako birentzako. Uriartererentzako 7 urte eta Adunarentzako 8 eskatu dituzte. Azkenean, 6 urte ezarri dizkiote Uriarteri eta 7 Adunari.

 

Izan Media herri komunikazio tailerren inguruko informazio guztia

Izan Media herri komunikazio tailerren inguruko informazio guztia

Aurtengo ikasturtea indartsu hasteko, Hala Bedik Izan Media herri komunikazio tailerrak antolatu ditu beste urte batez. Irailaren 23an, egun osoan zehar burutuko dira Oihaneder Euskararen Etxean. Udako oporrak hasi baino lehen iragarri ziren tailerrak, eta irailaren 18an izena emateko epea amaituko da.

Tailer hauen helburua, komunikabide handiek jartzen dituzten gero eta traba handiagoei aurre egiteko hazia ereitea da. Herri mugimenduak zein norbanakoak komunikazioaren arloan ahalduntzea eta, bide batez, Hala Bediren proiektu komunikatiboan inplikatzea.

Edukiei dagokionez, hauek dira antolatutako bost tailer ezberdinen (irratigintza, argazkilaritza, kartelgintza, bideogintza eta prentsa / sare sozialak) nondik norakoak:

» Kartelgintza

Irakasleak: Aimar Cordero (HalaBideo) eta  Albaro (DOSporDOS).

Goizean, kartelgintza munduan lehenengo pausoak emateko aukera izango da. Hasieran, programak eskaintzen dituen erreminta ezberdinak ikasiko dira, adibide praktikoekin. Bukatzeko, kartel ezberdinak egiteko aukera izango da, guztien ideiak eta praktika elkarbanatuz

Arratsaldean, kartel landuagoak egiteko oinarria emango du tailerrak. Hasierako ataletan, kontzeptu teoriko batzuk azalduko dira: konposizioa, kolorea, testuak… ondoren praktikara eramateko, kartel bat egiteko modu bat jorratuko da diseinurako erreminta ezagun batekin. Diseinu grafikoko erreminta informatikoen oinarrizko ezagutzak izan behar dira, hau da, goizeko tailerreko formakuntza.


» Bideogintza | BETETA

Irakasleak: HalaBideo taldea.

Talde ezberdinetan banatuta, ikusentzunezko proiektu bat sortzeko oinarriak emango dira, aurrerantzean bakoitzak garatu beharrekoak.

Goizean, irudien eta soinuen grabazioaren oinarrizko teoria jaso ostean, praktikara pasako da: taldeka, rol ezberdinak banatuz eta txandakatuz, bideo baterako errekurtsoak grabatuko dira (errekurtso-plano ezberdinak eta elkarrizketa bat).

Arratsaldean, bideo-edizioaren oinarriak landuko dira: programako erremintak, irudien eta soinuen nahasketa, errotuloak. Ostean, bideoei formatua eman eta sarean zabaltzeko azalpenarekin batera, tailerrean egindako lanak proiektatu eta komentatuko dira.


» Irratigintza

Irakasleak: Imanol Miranda, Alba Fernandez, Iraide Mezo eta Gaizka Amondarain.

Ahozkotasuna irratigintzan: hausnarketa, teoria eta produkzioa. Ahozkotasunaren gakoak aurkeztu eta ahozko produkzioan barneratuko gara hitza mingainetik mikrora eramanaz.

Irrati mahaiaren erabilera: irrati mahai baten funtzionamendua ezagutu eta ahozkotasunean sortutako audioak grabatuko dira (irratian).

Audio edizioa: Grabatutako audioak editatzen ikasi, oinarrizko programa baten bitartez.


» Argazkilaritza

Irakaslea: Raul (DOSporDOS)

Argazkilaritzaren oinarrizko printzipioak ikasiz hasiko da. Ondoren kamera digital bat nola erabili ikasiko da. Behin oinarrizko printzipioak eta kameraren erabilera ikasita, argazki bat egiteko irizpideak ikasiko dira. Teoriarekin bukatzean ariketa praktiko batzuk egingo dira.


» Prentsa eta Sare Sozialak

Irakasleak: Axier Lopez (Argia), Lander Arbelaitz (Argia) eta herri mugimenduko esperientzia ezberdinak (besteak beste, Gora Gasteiz eta Errekaleor Bizirik).

Goizean, EHko eta nazioarteko ekimen eta ekintza ikusgarrien bitartez, eta kazetarien ikuspegia kontuan hartuta, ondorio, gomendio eta ikasgai batzuk lortzen saiatuko gara herri mugimenduaren praktika politiko eta komunikatiboa hobetzeko, besteak beste, sare sozialak baliatuta.

Arratsaldean, herri mugimendutik prentsarekin harremana nola kudeatu ikasiko da, hau da, deialdi eta mobilizazioen berri emateko zein estrategia komunikatibo bat aurrera eramateko irizpideak. Horretarako, herri mugimendu esanguratsu batzuen esperientzia jaso, eta ondoren, kasu zehatzetatik abiatuta, lanketa komunikatibo on bat garatzeko ariketa praktikoa egingo da.


» Parte hartzeko irizpideak

Parte hartzeko, harremanak.halabedi@gmail.com helbide elektronikora email bat bidaltzea nahikoa da, izen-abizenak, kontaktua eta aukeratutako tailerra idatziz. Matrikulazioa eginda, 10€ ordaindu beharko dira egunean bertan, eta Hala Bediko USB bat emango da opari, tailerren eduki teorikoekin eta hainbat erremintekin.

Tailer guztiak aldi berean garatuko dira, bi bloketan banatuta: 10.00etatik 13.00etara goizean, eta bazkalostean, 16.00etatik 19.00etara. Izena eman duten pertsonak 9.45etan azaldu beharko dira Oihaneder Euskararen Etxera.

Honetaz gain, tailerretara datozenek, Hala Bedi Tabernan 8€ren truke eguneko platerra (marmitakoa) eta edaria izango dituzte aukeran, baina aldez aurretik abisatu behar da bazkariaren aukera nahi bada.

Gasteizko Alde Zaharrean oinarrituta dagoen Goian proiektuaren programazioa urriaren 2an jarriko da martxan

Gasteizko Alde Zaharrean oinarrituta dagoen Goian proiektuaren programazioa urriaren 2an jarriko da martxan

12 urte bete dituen proiektuak parte-hartzea, euskara, hezkidetza, kultur aniztasuna eta elkar zaintza izango ditu lan ardatz nagusi. 18 urtetik gorako bizilagunen arteko harremanean ere indarra jarriko dute.

Goian proiektuak, Gasteizko Alde Zaharreko auzo ikuspegia duen gizarte hezkuntza proiektua, Alde Zaharreko elkarbizitza hobetzea du xede. Aniztasuna egitate gisa ulertzen duten heinean, auzoaren errealitatean oinarritu eta bizikidetza sustatu eta praktikatzea dute helburu. Parte-hartzea, euskara, hezkidetza, kultur aniztasuna eta elkar zaintza dira lan ardatz nagusiak.

Proiektuak 12 urte betetzen dituenean, argitu dutenez, auzoko espazio ezberdinak erabiliko dituzte jolasteko eta ezagutzeko: Landatxoko polikiroldegia, Auzolana Pilotalekuan eta gizarte etxea. Udalak eta Goian Kirol eta Kultur Elkarteak sinatutako hitzarmenaren bultzada ekonomikoarekin hasiko dute ikasturtea.  “Proiektua egonkortzeaz gain, erronka eta helburu berriei heltzeko aukera ematen digu”.

Amaitzeko,18 urtetik gorako bizilagunak elkar topatzeko programazioa osatu dute. “Helduok ere izango dugu auzoan elkar ezagutzeko parada sukaldaritza tailer, haziera talde, futbol talde edota emakumezkoentzako gorputz adierazpen tailerren bitartez”, azaldu dute.

Informazio gehiago: www.goian.org

Tailerrak

 

 

Zigoitiako Euskal Jaia, belaunaldiz belaunaldi euskal kultura bultzatzen

Zigoitiako Euskal Jaia, belaunaldiz belaunaldi euskal kultura bultzatzen

1963. urtean jaio zen Mairuelegorretako jaiaren beste edizio bat ospatuko dute igandean Gorbeia magaleko kobetan. Lantalde finko batek ardura nagusiak hartzen dituen arren, herri osoaren konpromisoa nabarmendu dute antolatzaileek.

Euskara eta euskal kultura sustatzeko helburuarekin, 1963. urtean  Manuel Iradier Txangolari Elkarteak, espeleologo ugarirekin batera,  lehen Euskal Jaia antolatu eta ospatu zuen Mairuelegorretako kobetan. Urtez urte, jaia indartzen joan zen baina honen fama ez da soilik antolatzaileen ardura. Hain ezaguna izatearen ardura, neurri handi batean, garai hartako errepresioak dauka. Euskal Jaiak errepresio gogorra jasan behar izan zuen Estatu Frankistaren partetik. Hala ere, urtez urte, oztopoz oztopo eta belaunaldiz belaunaldi bizirik mantentzea lortu dute.

Gaur egun, oraindik ere, bizirik dago. Oso bizirik: antolatzaileek bereak eta bi egin behar dituzte Gorbeia magalera hurbiltzen diren herritarrak kobazuloetan sartzeko. Askotan, ordea, ez dago lekurik eta hauetako asko kanpoan geratu behar dira. Hori dela eta, igandeko ediziora ere denboraz joatea komeni da.

Azken urteotan bi asteburuz luzatzen den jaia bihurtu da Zigoitia Euskaraz. Lehenengo asteburuko larunbatean tradizio bihurtu den bizikleta martxa burutzen dute eta igandean meza euskaraz egiten dute herrian. Koba baten barruan hasi zena, herrira, eskualdera eta herrialdera zabaldu da.

“Lantalde nagusiak gidaturiko zeozer da Zigoitia Euskaraz, baina herri osoak erantzuten du”. Hala ere, gazteen presentzia indartzea beharrezkoa ikusten dute antolakuntzatik.
Antolakuntza bolondresa eta parte hartzailea

Antolakuntzaren lekukoa urtez urte aldatzen joan den ardura bat da. 1990. urtea izan zen mugarri nagusietako bat: Zigoitia Euskarazeko lantaldeak hartu zuen Euskal Jaia eta bestelako jarduera eta ekitaldiak kudeatzeko ardura. Lantalde horretatik Zigoitiako herritar ugari pasa dira, adin guztietakoak: belaunaldi ezberdinek mantendu dute bizirik taldea. Urteak pasa ahala, Euskal Jaiaren inguruan bestelako jarduera batzuk agertzen joan dira: Korrika bizikletaz, meza euskaraz, dantza erakustaldiak, herri kirolak… Guztiak euskara eta euskal kulturari bultzada emateko helburuarekin.

Antolakuntza guztiz irekia, bolondresek osaturikoa. Zigoitiako herritarrez osaturiko lantaldea da, baina Zigoitiako Udalak ere lagundu egiten du. Baina lana ez da lantalde finko batera mugatzen. Izan ere, antolakuntzatik azaldu dutenez, “herriaren erantzuna nahiko potentea izaten da jarduera guztietan. Lantalde nagusiak gidaturiko zeozer da Zigoitia Euskaraz, baina herri osoak erantzuten du”. Hala ere, gazteen presentzia indartzea beharrezkoa ikusten dute. 

Irailaren 10eko Euskal Jaia

Ez dago aldaketa handirik egitarauaren formatuari dagokionez. Izen nagusietan, aldiz, aldaketak egongo dira; protagonistak, berriz, herritarrak. Txalaparta, bertso-hopa Viñaspre eta Pastorrekin, Gibelurdinak, Jare Dantza Taldea eta Zigoitiako nesken dantzak. Bukatzeko, sorpresa bat ere iragarri dute, hurbiltzen direnek gozatu ko duten emanaldia. Kobatik jeisterakoan, herrian jarraituko du festak: bazkari herrikoia eta Laiotzen eskutik dantzaldia. Ikasturteari ongi etorria emateko plana antolatzen dute, familia giroan edo lagun giroan gozatzeko. Hori bai, ez ahaztu: koba guztietan bezala, honek ere frontalen edo linternen beharra dauka -etxetik eramatea komeni-.

Egitarau orokorragoan zentratuz, Zigoitia Euskarazeko nobedadetako bat larunbateko zesta-punta erakustaldia izango da; ostean, jolasteko eta ikasteko aukera ere egongo da. 

1

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies