Frankistek hil zuten Primitivo Fernandez de Labastida, Monica Barron del Val eta Florentino Garcia omenduko dituzte irailaren 9an, 13:00etan. Primitivo Fernandez de Labastidaren familiaren eginahalari esker, lurpetik atera zituzten gorpuzkiak 2010eko ekainean.

Alea.eus bidez

Primitivo Fernandez de Labastida, Monica Barron del Val eta Florentino Garcia Valenciaren gorpuzkiak 2010. urtean atera zituzten La Tejerako mendateko bide bazterreko zulotik. Ordutik, urtero, fusilatutako nekazarien senitartekoak eta lagunak bertan biltzen dira. Datorren irailaren 9an, Ahaztuak elkarteak deituta omenaldia egingo diete, 13:00etan.

Gesaltza-Añana eta Paul herriak lotzen dituen errepideko bihurguneari  “El hoyo de los muertos” esaten zioten añanarrek; ageriko sekretua zen bertan hiru pertsona hil eta hilobiratu zituela Tuestako eta Bovedako erreketeen talde batek, 1936ko irailaren 3an. Toki horretan, errepide bazterrean, egun, monolito bat dago, beti lorez apainduta; frankismoaren hiru biktima hauek gogoratzen ditu harriak eta hilketa lazgarriaren historia jasotzen du.

Primitivo Fernandez de Labastidaren familiaren  eginahalari esker, lurpetik atera zituzten gorpuzkiak 2010eko ekainean. Urteak joan urteak etorri, Fernandez de Labastidaren emazteak, bi alabek, eta ilobak irailaren 3ko gau hartan gertatutakoari buruzko testigantzak jaso zituzten. Eskualdeko herritarrek, gauzak kontatzeaz gain, babesa eta maitasuna ere agertu zietela nabarmendu dute behin baino gehiagotan senideek.

Familiaren eginahala 

Bada, informazio guztia eskuetan zutela, Ahaztuak 1936-1977 elkartearekin harremanetan jarri ziren, indusketa egiteko laguntza eske. Maiatzaren 29an hasita, hiru asteburutan egin zituzten lanak. Ekainaren 12an, etsitzear zeudela, garezur zati bat aurkitu zuten, eta astebete beranduago Aranzadiko teknikariek hiru gorpuzkiak atera zituzten bertatik. Fernandez de Labastidarekin batera aurkitu zituzten Monica Barron del Val eta Florentino Garcia senar-emazteak. 

Hirurak ziren nekazariak, eta hirurak Arabako Añana Kuadrillatik kilometro gutxira dauden Burgosko herri txikietako bizilagunak: Fernandez de Labastida Santa Gadea del Ciden bizi zen eta 35 urte zituen, Barron del Val eta Garcia Villanueva de Soportillakoak ziren; emakumeak 45 urte zituen eta gizonak 47. Gauez atera zituzten hirurak etxetik, La Tejerako mendatera eraman zituzten, eta bertan fusilatu.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies