Lau urte bete dira hamar ikaslek Errekaleorreko eraikin hutsak okupatzeari ekin ziotenetik: auzoa errotzeaz gain, gora egin dute bertako ekimenek, Udalaren mehatxuek gora egin duten bezala. Proiektu berriak sortu nahi dituen proiektu handi batek beste mehatxu handia izango du aurrean: eraistea.


2013ko irailaren 3a. Hamar ikaslek Gasteizen ia hutsik zegoen Errekealeor auzoko blokeak okupatu zituzten eguna. Gasteizen herritarrek eta bertara ikastera datozen ikasleek duten etxebizitza arazoari irtenbide bat eman nahi ziotela zirudien. Askoz gehiago zen. Autogestioan oinarritutako proiektu bat jaio zen, lau urteren ostean errotu den proiektua: “Errekaleor Bizirik” martxan zen, Europa mailan apenas ispilurik gabeko egitasmoa.

Ikasle gehiago, gazteak eta hain gazteak ez direnak… Gero eta jende gehiago hasi zen auzoan bizitzen, auzoa eraldatzen eta ideien faktoria bilakatzen. Are gehiago, badaude jada auzoan jaio diren umeak. Familia txikiak sortu dira familia handi baten erdigunean.

Pertsonak bai, baina auzoa ere bai. Gasteizko frontoi handienetako bat Herri Mugimenduaren topaleku bihurtu da behin baino gehiagotan, apurka – apurka hau konpontzeari ekin dioten heinean. 1976ko Martxoaren 3an erahil zuten Romualdo Barroso auzokidearen omenez zinemak bere izena hartu du, FilmErreka edo bestelako emanaldiak eskainiz auzoan. Elizak izaten dira auzo eta herrietako bereizgarrietako bat. Errekaleorrek ere badauka… edo bazeukan? Auzoan beste erabilera bat eman diote eraikinari, Gaztetxe bilakatuta. Bertatik pasa dira Harresian Zulo, Willis Drummond, Anari edo Izaki Gardenak taldeak, bestea beste. Kulturaren eta kultura alternatiboaren topaleku ere da orain.

Willis Drummond Errekaleorren, 2017ko maiatzean

Mehatxu gero eta serioagoak

Ikasle eremutik haratago hazi zen Errekaleor. Hazi ez ezik, gasteiztar gehienek ahaztuta zuten auzo bat hiriburuko egunerokotasunean integratzen joan zen. Baina haientzako ezezaguna zena 2015eko martxoan hasi zen ezagunagoa egiten: Udaltzaingoak argia moztu zien auzokideei, herritar batzuk zaurituz bertan burututako kargengatik. 

Hasi ziren orduan modu ezberdinetako mehatxuak. Javier Maroto popularra alkatetzan zegoen oraindik, baina hilabete gutxi falta ziren hau kanporatzeko eta Gorka Urtaran jeltzaleak Gasteizko makila hartzeko. Urtaranek kudeatu beharko zuen gaia eta ez zuen denbora askorik behar izan posizionatzeko: “Errekaleorren ezin da bizi”, esan zuen Hala Bediko Araba Hizpide magazinean. Ez zeraman urtebete agintean hain argi hitz egin zuenean, nahiz eta hurrengo hilabeteetan diskurtsoa mantsotu.

Auzoan gero eta jende gehiago bizi zen, gero eta ekimen gehiago antolatzen zituzten… 2017ko maiatzaren 18ra arte. Hor hasi zen Udalaren partetik Errekaleor Bizirik proiektuaren aurkako eraso plan handiena. Argia kendu, kargak, auzoko argi publikoa moztu.., eta egun bat beranduago auzoko eraikinak eraitsiko zituela konfirmatu. Bostgarren martxa egun batetik bestera jarri zuen martxan Urtaranek. Eraitsi edo eraispen hitzak erabiltzen zituen lehenengo aldia zen hau.

Erantzuna ez zen auzo batera mugatu. Herri Mugimenduak erantzun zuen ekainaren 3an, “Herria Bizirik” lelopean 10.000 lagun inguru batuz. Hein handi batean, Herri Mugimenduak berak hartu zuen Errekaleor defenditzeko borroka. Hala ere, gutxi aldatu zen Udalaren diskurtsoa; hau lasaitu ordez, eraso berbalak gero eta ugariagoak bihurtu ziren ikasturte amaieran, besteak beste, Ezker Abertzaleak kontrolatzen duen proiektu bat dela argudiatzeraino. Hala ere, segurtasun arrazoiak edo arrazoi teknikoak aitzaki bat baino ez zirela agerian geratu zen uztailaren 10ean jakin genuenean Udalak ez zeukala auzoa eraistea justifikatzen zuen txostenik. Are gehiago, Arabako Arkitektoen Eskolako informe batek eraikinen egoera aproposa zela erakutsi zuen. Orain arte erabilitako arrazoiek ez zuten baliagarritasunik. Borondate politikoa zen arrazoi bakarra, PSEk eta PPk elkarbanatzen duten arrazoi politikoa.

Proiektu berriak sortu nahi dituen proiektu handi batek beste proiektu baten mehatxua izango du aurrean: eraisterena. Herri Mugimenduaren bidea eta instituzioena ere, aurrez aurre egongo dira, berriz ere.
Energia berriztagarrien apostua

2017ko ikasturte amaieran, energia berriztagarrietara saltoa emateko konpromisoa hartu zuten. Aurretik zuten erronka ez zen makala. Aste gutxietan 100.000 € lortu nahi zituzten. Erronka bete zuten, aise gainera, ezarritako diru kopurua gainditu baitzuten. Euskal Herriko irla energetiko handiena izango dira hemendik hilabete gutxira.

Izan ere, 2017-2018 ikasturte hasierarekin batera eguzki plakak instalatzeari ekin diote auzoan. Urrian, aldiz, inaugurazio ofiziala egingo dute. Gainera, hilabete horretan zehar Coopfundingean parte hartu zuten norbanako eta eragileei sariak emango dizkiete: muraleko izena, tailerrak, material ezberdina, bertso saioa… 

Baina energia berriztagarria ez da eguzki plakekin amaitu. Bi astez luzatu zen auzolan baten bitartez, profil ezberdinetako 12 pertsonek Piggot aerosorgailua eraikitzea lortu dute. “0 kilometroko” aerosorgailua gainera: energia elektrikoa lortzeko aerosorgailuaren parte ezberdinak ere auzoko tailerrean ekoitzi dituzte. 

Auzoa biziberritzeko bidean, eta jendeak Errekaleor gozatu ahal izan dezan, Errekaleor Bizirik proiektuaren 4. urteurrena ospatuko dute iraileko azken astean, 28tik 30era. Kontzertuak, antzerkiak, hitzaldiak… eta beste hainbat ekimenetan izango dira, eta, batez ere, erasoen aurrean tinko jarraitzen dutela erakusteko asmoa dute orain.

Oztopoak oztopo, saltoz salto, datozen hilabeteak klabeak izango dira auzoarentzako. Proiektu berriak sortu nahi dituen proiektu handi batek beste proiektu baten mehatxua izango du aurrean: eraistearena. Hein handi batean, Herri Mugimenduaren bidea eta instituzioena aurrez aurre egongo dira, berriz ere.

 

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies