Magazinak, sare sozialak, albisteak, teknika, irratsaio berriak… Edonork har dezake parte Hala Bediren ikasturte berrian. Ez da jakintzarik behar proiektuaren parte izateko: norberak ahal duena eginez, elkarrengandik ikasiz eta elkarri irakatsiz.


2017-2018 ikasturtea hastearekin batera, Hala Bedik ere erronka berriak jarri nahi ditu martxan. Irrati libre bat baino askoz gehiago bihurtu den proiektua handitzearekin batera, komisio berriak jarriko dira aurten martxan, tartean, sare sozialen eta albisten erredakzioa. Modu honetan, arlo digitalean aurrerapausoak emango ditu aurten irratiak.

Baina proiektu komunikatibo herritar hau indartzen jarraitzeko militantziaren beharra du Hala Bedik. Militantzia malgua, bakoitzak ahal duena emateko borondate eta gogoekin; konpromiso maila ezberdinekin, eta konpromisoa ez soilik Hala Bedirekin, baizik eta Arabako herri mugimenduarekin dugula kontutan hartuz. Lehen urrats gisa, herri mugimenduak eta pertsonak komunikazioaren arloan ahalduntzeko helburuarekin, Izan Media tailerrak antolatuko dira irailaren 23an, Oihaneder Euskararen Etxean. Honekin batera, proiektuan parte hartzeko ateak parez-pare ireki nahi ditu Hala Bedik.

Askoz luzatu gabe, hauek dira militantzia premia behar duten irratsaio, komisio edo talde ezberdinak. Harremanetan jartzeko, zalantzak argitzeko, talde baten kide izateko edo zeozer berria proposatzeko: harremanak.halabedi@gmail.com.

  • Magazinak -irratsaio nagusiak-

Kolaborazio puntualak, lokuzioa, teknika, grabazioak, nahi duzun gaiari buruz astero/hilabetero/ahal duzun uneoro elkarrizketa grabatzeko eta programan emititzeko aukera… Hiru magazin nagusi ditugu: Araba Hizpide (Hala Bedi Bi, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 11:00etara), Kantoia (Hala Bedi Bat, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 19:00etara) eta Suelta La Olla (Hala Bedi Bat, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara gaztelaniaz).

  • Albisteak eta sare sozialak

Esan bezala, aurtengo nobedadeetako bat sare sozialetan eta eguneroko informazioan jarriko ditugun indarrak izango dira. Hori dela eta erredakzioaren komisioa sortuko da ikasturte hasieran, sare sozialak, webgunea, kolaborazio/erreportaje idatziak eta eguneroko gaiak kudeatzeko. Hala Bedi agenda propioa markatzeko gai dela uste dugu.

  • Teknika

Edozein proiektu komunikatibok teknikaren lana behar du. Mahaiak konfiguratu, ordenagiluetan aldaketak txertatu eta zerbitzu informatiko ezberdinen manteinua funtsezko ezaugarriak dira hedabide batek ondo funtzionatzeko. Gai hauetan aditua den edonork dauka aukera bertan parte hartzeko edo hauek nola kudeatu ikasteko.

  • Bideoak

Ikasturte batzuk geldituta egon ostean, 2015eko irailean berriz jarri zen martxan Hala Bideo taldea. Azkenengo bi ikasturtetan 100 bideo inguru egin ditu talde honek: elkarrizketak, erreportajeak, mobilizazio ezberdinen jarraipenak… Bideoak editatu, montatu… egin dira ordutik; hala ere, ez da beharrezkoa bideo edizioan edo grabazioan trebezia izatea. Edozein gidoi, ideia, proposamen, ongi etorria da taldean. Gainera, bideo ediziorako formakuntza itzela izan daiteke talde hau, dakitenek irakatsiz ez dakitenek ikasteko.

  • Egin zure irratsaioa!

Baina esan bezala, Hala Bedi aurreko lau puntuak baino askoz gehiago da. 30 irratsaio inguru ditugu eta ziur gaude baten bat zure gustokoa izango dela. Eta ez badago zure gustokoa den irratsaio edo komisiorik… Zer egin nahi duzu? Jarri harremanetan gurekin eta proposatu zure irratsaioa, eskeini zure burua beste irratsaio batean parte hartzeko… Edozein zalantza gustora argituko dizugu: harremanak.halabedi@gmail.com.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies