Abuztuaren 4tik 9ra luzatuko diren jaietan Herri Mugimenduak izango du protagonismoa Txosnagunean. Gazte Mugimenduak, Mugimendu Feministak eta preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko ekimenek ere indarra izango dute. Eraso sexistarik gabeko jaiak izateko mekanismoak egongo dira orduro.

Gasteizko Txosnetako kontzertu bat aurreko urtean

Gasteiztar askok abuztuaren 4an hasiko dituzte jaiak. Hala ere, badira hauek prestatzen asteak eta hilabeteak daramatzaten eragileak. Kontzertuak lotu dituzte Gasteizko txosnetan, txosnagunearen muntaketan egon dira beste batzuk, Mugimendu Feministak eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu du, Gazte Mugimenduak Gazte Karparen apostua egingo du beste urte batez eta euskal presoen eta iheslarien etxeratzea eskatzeko egun nagusia abuztuaren 5a izango da.

Hurrengo egunetan kontutan hartzeko bost puntu bildu ditugu gurean, ezer ez galtzeko eta jaiak askatasunez bizi ahal izateko.

Txosnagunea, Herri Mugimenduaren isla

Aurten, txosnek, eraso sexisten aurkako lanketan sakonduko dute eta Goienerrekin egingo dute lan, Iberdrola albo batera utziz. Bi eragile berri egongo dira Gasteizko Kanpusean: Berriztu Araba eta Errekaleor Bizirik. Gainera, Gazte Karpa, Hala Bedi, Kalera Kalera, Askapena, Sukalde Gerrilla, Arabako Bertsozale Elkartea, Iraultza 1921 eta Gasteizko Mugimendu Feminista. Guztira, hiru karpa egongo dira – Kalera Kalera, Gazte Karpa eta Txosna Batzordaren karpa amankomuna – eta gainontzeko eragileek txosna jarriko dute – zortzi txosna guztira -.

 20. Korrika ospatu den ikasturte honetan, AEK-k jasoko du aurtengo Txosnisaria abuztuaren 4ko txosnetako inaugurazioan. Hala Bedik ere, txosna jarriko du: eszenatoki alboan egongo gara eta gure materiala salgai egongo da bertan.

 

Eraso sexistarik gabeko jaiak

Mugimendu Feministak bereak eta bi egingo ditu denok jaiak askatasunean bizi ahal izateko. Eraso sexisten aurkako protokoloa sei urratsetan laburbildu dute, eraso bat gertatuz gero, honen aurrean zer egin definituz. Gainera, salaketetarako telefono zenbakia 688 718 701 izango da eta 24 orduz egongo da aktibatuta.

Gainera, abuztuaren 9an, Egun Feminista antolatu dute eta egun guztian zehar ekitaldi ezberdinak egongo dira Gasteizko erdialdean eta Txosnagunean. Gasteizko Kanpusean ere txosna jarriko du aurten Mugimendu Feministak eta informazio gehiago eskainiko dute bertan.

 

Hogei kontzertu baino gehiago Gasteizko Kanpusean

Aurten, eskaintza zabala eskaini dute Gasteizko Txosnek kontzertuei dagokienez: Amparanoia, Siroka, Skakeitan, Sorkun, SkarraMucci, Tremenda Jauria … egongo dira txosnetan -kontzertu guztiak ikusteko, hemen-. Gainera, aurtengo nobedadeetako bat abuztuaren 7ko kartela izango da: eszenatoki gainean soilik emakumeak egongo dira eta haiek izango dira oholtza gaineko eta publikoko protagonistak.

 

Ez daudenak, presente

Urtero legez, Gasteizko preso eta iheslariak gogoratuko dituzte jai guztietan zehar. Aldarrikapenak leku eta modu ezberdinetan presente egongo diren arren, egun nagusia abuztuaren 5a izango da. Ohikoa den moduan, Alde Zaharreko Landatxon bazkaria egingo dute eta egun horretarako txartelak salgai jarri dituzte jada. Arratsaldean, aldiz, kalejira eta ekitaldia: 21:00etan abiatuko da Andra Maria Zuriaren enparantzatik.

Lehenengo aldiz, Kalera Kalerak bere txokoa izango du Gasteizko Txosnetan. Kalera Karpa antolatu dute,  eta eskaintza anitza izateaz gain, kontzertuak egongo dira egunero, eszenatoki nagusiko ordutegia errespetatuz. Aiaraldea Sound System, Fermin Valencia, Radio Revolución, Doctor Sax eta Jaio Kantaktriz egongo dira.

 

Horretaz gain, abuztuaren 6an Altsasuko gazteak askatzea eskatuko duen elkarretaratzea egingo dute: 19:30etan Andra Maria Zuriaren plazan.

 

Gazte Mugimendua ere protagonista

Gazte Mugimenduak egitarau oparoa antolatu du Txosnagunean egongo den Gazte Karpan. Gasteizko Txosnen egitaraua errespetatuz, kontzertuak eta bestelako ekimenak egingo dituzte “Hauspoaren indarraz, piztu sugarra” lemapean.

Gainera, abuztuaren 7an, astelehenean, Gazte Eguna antolatu du Ernai Gazte Antolakundeak. Egunean zehar Gazte bazkaria egingo dute eta arratsaldean, “manifestakzioa” antolatu dute: 19:00etan abiatuko da Gasteizko Kanpusetik. Behin manifestakzioa amaituta, ekitaldia egingo dute Gazte Karpan, ohitura bihurtu den Gazte Akelarrean suaren inguruan dantzatu aurretik. Egitarau guztiaren berri izateko, hemen

Baina guztia ez dago unibertsitate eremuko txosnetan. Urte guztian zehar egitarau oparoa antolatzen duen Gasteizko Gaztetxeak ere bere egitaraua izango du jaietan. Muinoko etxeari hilabete gutxi falta zaizkio 30 urte betetzeko eta hori baino apur bat lehenago egitarau zabal batekin agurtuko dute 2017-2018 ikasturtea.

 

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies