Udal gobernuak hartutako neurriak “guztiz bidegabeak” direla salatu dute eta “benetan” gertatutakoa jakinarazteko hainbat ekimen antolatu dituzte hilabeteotan.

Arabako Alea bidez

Urtarrilean hasi zen afera, Legutioko gazte asanbladak San Blas jaiak antolatzeko igande batean herriko liburutegian egindako bilerarekin. Gazte horietatik lau Udalaren zerbitzu ezberdinetan ari ziren lanean, eta astebetean kaleratuak izan ziren; kasu batean, giltzen erabilera desegokia dela eta, eta bestean, lan orduetan lanpostutik kanpo egotea leporatuta.

Udal gobernuak hartutako neurriak “guztiz bidegabeak” direla argudiatuta, egoera horren aurrean askotariko ekimenak egin dituzte gazteek ordutik gaur arte. San Blas jaietan deitu zuten lehen elkarretaratzea. Martxoan, adiskidetze-egintza ere izan zen kaleratutako bi begirale, enpresa eta Udalaren artean; bada, ez ziren akordio batera heldu. 

Ohiko udal bilkuretara ere heldu da arazoa; birritan joan dira gazteak azalpen eske. Martxoaren 28ko bilkuran, gobernuak Udala, enpresak eta kaleratuen arteko bilera egiteko konpromisoa hartu zuela eta hartutako hitza ez duela bete salatu dute gazteek. 

Kaleratzeak, bidegabeak

Nabarmendu dute elkarrizketaren bidez akordio batera heltzen saiatu direla, auzitegietan amaitu behar ez izateko. Hori, baina, ez da posible izan, eta inplikatutako eragileen arteko bileraren zain zeuden bitartean, bi begiraleen kasua auzitegietara heldu zen, eta epaileak kaleratzeak bidegabeak zirela ondorioztatu zuen.  
Maiatzaren 31eko ohiko bilkuran, alkatearen erantzuna aurretik prestatutako idatzi bat irakurtzea izan zela arbuiatu dute, bilerari buruzko aipamenik egin gabe. Besteak beste, honakoa aipatu zuen idatzi horretan: “Udal gobernuaren jarrera oso argia da hasieratik, gustuko ez baduzue ere, argia da, eta kalean esaten digutenagatik, bat dator bertan bizi garen gehiengoarekin”.   

Herritarrak informatu

Gazteak ez daude ados udal gobernuak babes zabala duela dion baieztapen horrekin. Hori dela eta, herritarrei gertatutakoa “modu egokian” azaltzeko idatzia banatu zuten ekainean, etxez etxe; Udalak ere beste idatzi bat utzi zuen postontzietan. Ekainetik, gainera, sinadurak batzen dabiltza. 

Uztaileko osoko bilkuran aurkeztuko dituzte horiek; herritarrei batzar horretara bertaratzeko deia egin dute berriro ere. Bestelako ekintzak egitea ere aurreikusita dutela gaineratu dute. “Urtarriletik hona gertatutakoak ez duelako inongo zentzurik”, aipatu dute. 

Udal gobernua “ahultzea”

Legutioko alkate Nekane Garaigordobilekin harremanetan jarrita, azaldu nahi izan du udal gobernua eta alkatea bera “ahultzeko” estrategia bat dagoela, baina “erabakita” dagoela auzia; eta gazteei ohartarazi die udal gobernuari ezin diotela “ezer aurpegiratu” eta bide horretatik jarraituz gero, ez dutela ezer lortuko. 

Osoko bilkuretan izandako “errespetu falta” ere salatu du Legutioko alkateak: “Guk ez dugu inoiz galdu. Errespetua galtzen denean, arrazoia eduki edo ez, arrazoia ere galtzen da”, adierazi du.

“Giroa baretzen denean”

Horrekin batera, “argi” utzi nahi izan du herriko gazteekin batzeko asmoa dutela, “beraiek hala nahi izanez gero eta giroa apur bat baretzen denean, egoera honi konponbide bat topatzeko, baina, beti, errespetua galdu barik”.  

Amaitzeko, azpimarratu du udal gobernutik “inoiz ez dela eskatu” pertsona horien kaleratzea, eta begiraleen kasuan, lan kontratuak etetearen erabakia Eragintza kultura elkartearena izan zela soilik.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies