Hala Bedi Tabernaren 17. urteurrena ospatuko dugu uztailaren 24an

Hala Bedi Tabernaren 17. urteurrena ospatuko dugu uztailaren 24an

Hala Bedi kolektiboaren zutabe garrantzitsuetako bat izan da, egun bada eta izango da taberna. Mus txapelketa, kontzertuak, ipuin kontalaria eta magoa egongo dira Kutxi 98ko tabernan. 

17 urte bete ditu Hala Bedi Tabernak, Kutxi kaleko 98. zenbakian kokatuta dagoen tabernak. Ezagunak bihurtu diren afarietaz aparte, hamaika ekintza egin dira taberna barruan azken urteetan: kontzertuak, erakusketak, hitzaldi eta mahainguruak … Irratiarentzako ere eskaparate ederra izan da taberna, irratsaio ezberdinak bertan entzungai egonez edota ikasturteko parrilla bertan aurkeztuz. Hala Bedi kolektiboaren zutabe garrantzitsuetako bat izan da, egun bada eta izango da taberna.

Urteurrena ospatzeko aukeratutako data uztailaren 24a da, Santiago Eguneko bezpera. Jai eguna aprobetxatuko dugu motorrak arratsaldetik berotzeko, gaueko parrandari ateak parez pare irekiz.

Mus txapelketarekin hasiko da 17. urteurren jaia: txapelketan parte hartzeko aurretik izena ematea beharrezkoa da (Izena emateko: Hala Bedi Taberna). Txikienek -eta ez hain txikiek- ere izango dute ondo pasatzeko aukera: Ane Gebara ipuin kontalari gasteiztarrarekin girotuko dugu taberna 19:00etatik aurrera; ostean, 20:00etan, Goyo Magoaren ikuskizunarekin disfrutatuko dugu. 

Gauean, aldiz, musika izango da protagonista. Lusko Fusko taldeak kontzertua eskainiko du 22:00etan eta tripa betetzen disfrutatuko dugu kontzertuarekin; izan ere, ordubete lehenago, “Brotxetada” egongo da tabernan. Luzerako joko du gauak, 00:00etatik aurrera musikak jarraituko duelako tabernan.

Egitaraua osorik

 

Lanean ari dira Legution, kaleratutako gazteen alde

Lanean ari dira Legution, kaleratutako gazteen alde

Udal gobernuak hartutako neurriak “guztiz bidegabeak” direla salatu dute eta “benetan” gertatutakoa jakinarazteko hainbat ekimen antolatu dituzte hilabeteotan.

Arabako Alea bidez

Urtarrilean hasi zen afera, Legutioko gazte asanbladak San Blas jaiak antolatzeko igande batean herriko liburutegian egindako bilerarekin. Gazte horietatik lau Udalaren zerbitzu ezberdinetan ari ziren lanean, eta astebetean kaleratuak izan ziren; kasu batean, giltzen erabilera desegokia dela eta, eta bestean, lan orduetan lanpostutik kanpo egotea leporatuta.

Udal gobernuak hartutako neurriak “guztiz bidegabeak” direla argudiatuta, egoera horren aurrean askotariko ekimenak egin dituzte gazteek ordutik gaur arte. San Blas jaietan deitu zuten lehen elkarretaratzea. Martxoan, adiskidetze-egintza ere izan zen kaleratutako bi begirale, enpresa eta Udalaren artean; bada, ez ziren akordio batera heldu. 

Ohiko udal bilkuretara ere heldu da arazoa; birritan joan dira gazteak azalpen eske. Martxoaren 28ko bilkuran, gobernuak Udala, enpresak eta kaleratuen arteko bilera egiteko konpromisoa hartu zuela eta hartutako hitza ez duela bete salatu dute gazteek. 

Kaleratzeak, bidegabeak

Nabarmendu dute elkarrizketaren bidez akordio batera heltzen saiatu direla, auzitegietan amaitu behar ez izateko. Hori, baina, ez da posible izan, eta inplikatutako eragileen arteko bileraren zain zeuden bitartean, bi begiraleen kasua auzitegietara heldu zen, eta epaileak kaleratzeak bidegabeak zirela ondorioztatu zuen.  
Maiatzaren 31eko ohiko bilkuran, alkatearen erantzuna aurretik prestatutako idatzi bat irakurtzea izan zela arbuiatu dute, bilerari buruzko aipamenik egin gabe. Besteak beste, honakoa aipatu zuen idatzi horretan: “Udal gobernuaren jarrera oso argia da hasieratik, gustuko ez baduzue ere, argia da, eta kalean esaten digutenagatik, bat dator bertan bizi garen gehiengoarekin”.   

Herritarrak informatu

Gazteak ez daude ados udal gobernuak babes zabala duela dion baieztapen horrekin. Hori dela eta, herritarrei gertatutakoa “modu egokian” azaltzeko idatzia banatu zuten ekainean, etxez etxe; Udalak ere beste idatzi bat utzi zuen postontzietan. Ekainetik, gainera, sinadurak batzen dabiltza. 

Uztaileko osoko bilkuran aurkeztuko dituzte horiek; herritarrei batzar horretara bertaratzeko deia egin dute berriro ere. Bestelako ekintzak egitea ere aurreikusita dutela gaineratu dute. “Urtarriletik hona gertatutakoak ez duelako inongo zentzurik”, aipatu dute. 

Udal gobernua “ahultzea”

Legutioko alkate Nekane Garaigordobilekin harremanetan jarrita, azaldu nahi izan du udal gobernua eta alkatea bera “ahultzeko” estrategia bat dagoela, baina “erabakita” dagoela auzia; eta gazteei ohartarazi die udal gobernuari ezin diotela “ezer aurpegiratu” eta bide horretatik jarraituz gero, ez dutela ezer lortuko. 

Osoko bilkuretan izandako “errespetu falta” ere salatu du Legutioko alkateak: “Guk ez dugu inoiz galdu. Errespetua galtzen denean, arrazoia eduki edo ez, arrazoia ere galtzen da”, adierazi du.

“Giroa baretzen denean”

Horrekin batera, “argi” utzi nahi izan du herriko gazteekin batzeko asmoa dutela, “beraiek hala nahi izanez gero eta giroa apur bat baretzen denean, egoera honi konponbide bat topatzeko, baina, beti, errespetua galdu barik”.  

Amaitzeko, azpimarratu du udal gobernutik “inoiz ez dela eskatu” pertsona horien kaleratzea, eta begiraleen kasuan, lan kontratuak etetearen erabakia Eragintza kultura elkartearena izan zela soilik.

Izan Media tailerrak, irailaren 23an Oihaneder Euskararen Etxean

Izan Media tailerrak, irailaren 23an Oihaneder Euskararen Etxean

Bost tailer ezberdin egongo dira eta egun osoko jardunaldia izango da. Zabalik dago izen ematea. 

 

Komunikabideek mugitzen dute mundua. Askotan errepikatuagatik, oharkabean ahazten dugun egia horietako bat da. Komunikatzen ez dena, azken batean, ez delako existitzen. Zerbaiten parte izan nahi duenak, beraz, komunikatzeko beharra dauka. Edo beste era batera esanda: izan nahi dugulako komunikatzen gara.

Hedabide nagusiak gutxi batzuen eskuetan dauden garaiotan, bestelako gizarte eredu baten alde lanean gabiltzanontzat, egiten duguna behar bezala komunikatzea ezinbestekoa da. Eta horretarako, eskura ditugun tresnak ahalik eta ondoen erabili behar ditugu.

Hori da, hain zuzen ere, Hala Bedik antolatutako Izan Media tailerren helburua. Aurreko urtean bezala, eskaintza zabaltzea erabaki eta ikus-entzunezko bestelako disziplina batzuen inguruko tailerrak ere eskainiko ditugu irailaren 23an. Irratsaio bat, bideo bat zein kartel bat egiten trebatzeaz gain, Hala Bedi hobeto ezagutzeko eta bertan parte hartzeko aukera aproposa duzu honako hau.

Bost tailer ezberdin egongo dira:

  • Kartelgintza | Kartel bat egiten ikasteko tailerra. Nola hasi kartel bat egiten? Zertarako? Nola erabili programa ezberdinak?
  • Bideogintza | Bideo bat egiten hasteko eta prozesu honetan trebatzeko truko ezberdinak ikasiko ditugu hemen.
  • Irratigintza | Irratian jarduteko baliabide ezberdinak behar ditugu; errazak dira hauetako batzuk, zailagoak beste batzuk. Kuña bat nola egin, mahai tekniko bat nola kontrolatu, nola lokutatu … ikasiko dugu tailer honetan.
  • Argazkilaritza | Erdi Aroko azoka aprobetxatu ahalko dugu argazki ezberdinak nola atera ikasteko: erretratuak, enkuadrea, argia … 
  • Prentsa eta Sare Sozialak | Nola egin prentsa deialdi bat? Nola sortu txio biral bat? Nola sortu kanpaina komunikatibo eraginkor bat? Galdera hauek erantzungo ditugu tailer honetan.

 

Izen ematea

Tailerrak koordinatzeko izena ematea beharrezkoa izango da. Email bat jarri dugu horretarako: harremanak.halabedi@gmail.com. Email horretan, parte nahi duzun tailerraren berri eman behar duzu eta informazio gehiago helaraziko dizute. Hala ere, irailean bertan, tailerren informazio gehiago zabalduko dugu eta hauen inguruko azken detaileak zehaztuko ditugu.

Tailerretan parte hartzeko plazak mugatuak izango dira, beraz, lehenbailehen izena ematea komeni da. Tailerrak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean izango dira goiz eta arratsaldez.

Izen ematea 10 € izango dira eta Hala Bediren USB bat emango da opari gisa.

1

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies