Pasatu da azkenik Azkena Rock Festival Jaialdia, hausnartzeko utzi dizkigu eta iritsi da
uda.
Beste behin, Gasteizko Azkena Rock jaialdiko programazioak emakume eza agertu
zuen: emakume bat besterik ez zegoen kartelean, hogeita hamar bat gizonen artean.
Azkenean, lau bat izan ziren, zerbitzariez gain, horiek bai, horien gehiengoa
emakumezkoa zen eta. Canet Rock-ek, bestetik, iragarri zuen bere kartelean ez zela
izango emakumerik. Jaialdi horren emakumezko programatzaile batek adierazi zuen,
eta kolpea kuoten alferrikakotasuna eztabaidatuz geldiarazten saiatu zen, Mujeres y
música atarian azaltzen zen moduan. Tamalez, eztabaida ez da hori. Hauek dira
zenbakiak, eta hauxe esaten dute: azken urteotan, musika-jaialdietan, emakumeak
% 10 dira. Sonorama Ribera-n, funtsean indiemusikari eskainitako horretan, % 6,8
baino ez ziren, eta Low Festival-en, berriz, aurrekoaren antzekoa den eta 80.000
lagun inguru hartu ohi dituenean, % 4,3 besterik ez. Kontu honi dagokionez posturik
onenean zegoen jaialdian, Gijón Sound Festival-en, ez ziren iristen % 20ra. Hau da,
nahiz eta munduan emakumeak biztanleriaren erdiak izan, agertokietara iristeko
aukera nabarmen desberdina da. Ez da musikan bakarrik gertatzen, baina aipatu
kopuruek kulturan erakusten dituzte beren ondorioak. Oro har, “sektorea halakoxea
da” izaten da justifikazioa, zeina, motzean, beste gezur bat den. Arrunta da kultur
sektore bakoitzeko (musika, antzerkia, literatura, arte bisualak…) underground-ean
emakumedun taldeak topatzea, baina sekula ez dira iristen mainstream-era, edo
“merkatu-nitxo” baten ataltzat jotzen dira.
Gaitz endemiko honek ez dio soilik musikari eragiten, eta datu lotsagarriak
azaleratzen ditu: egun, Pradoko Museoan, zazpi emakumezko artista baino ez daude
erakusketa-diskurtsoan -2009an, are okerragoa zen: ez zegoen batere-. Sofia
Erreginaren Museoko egoera ez da hobea: bildumako obren % 12 besterik ez ziren
emakumeenak, 2010ean; eta erakusketako 1.020 obretatik, % 5,5 (56 obra) baino ez
ziren emakumezko artistenak. Gasteizen, Artium Museoan, ez Fundazioak, bere
Patronatuaren bitartez, ez Artium Museo Zentroak, ez zuten behin ere adierazi
berariazko helbururik beren programazioetan emakumezko artisten partaidetza-kuota
handiagoa lortzeko. Era berean, ez zuten berdintasunaren aldeko helburu edo
erreferentziarik jaso 2010-2013 epealdirako Plan Estrategikoan, A Plataforma
elkarteak azaldu bezala. Bilboko Arte Ederretako Museoak 2016an eskaini zion, lehen
aldiz, emakume artista bati bakarkako erakusketa bat, Susana Talayerori. 1924 urtean
zabaldu zituen ateak… Hortaz ia ehun urte pasatu behar izan dira.
Nabarmena denez, kultur programazio gehienek ez dute betetzen 2007an onartutako
Berdintasunaren Legean ezarritakoa, Lege Organikoa bada ere. Ezta 4/2005 Legea
ere, zeinak 25.1. artikuluan ondokoa ezartzen duen: “Euskal herri-administrazioek,
bakoitzak bere eskumen-eremuan, beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituzte,
bai sexuaren ziozko bereizkeria saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek
parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izan dezatela Euskal Autonomia
Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura-jarduera guztietan”. Nafarroan, zer
esan… UPN-ren kultur politikan arte disziplina kontserbadoreak eta Erdi Aroko
Baseliza eta elizek izan dira tokia izan duten bakarrak.
Iritsi da uda eta udarekin auzo, herri eta hirietako jaiak eta programazioak. Gure esku
dago egoera iraultzea, bestelako ereduetara salto egitea eta, egoera eraldatzea.
Horregatik, Gasteizen pasa den asteburuan egondako eta emakumeek sortu eta
programatutako ekimenekin amaitu nahi dut urtea: Judimendiko jai-gunean
emakumeek burututako performance aldarrikatzailearekin, Judimendiko ARTgia
aretoan Belen Nevadorekin eta Alde Zaharreko Auzolana pilotalekuan burutu zen eta
emakumeek antolatutako ifta jaialdiarekin.
Uda ona pasa eta… izan gaizto!!

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Partekatu!!!

Irakurritakoaren eragina handitu nahi baduzu zabaldu zure sare sozialetan.