Egunotan behin eta berriz ari gara entzuten komunikabideetan euskararen erabilera sustatzeko asmoa duen iragarki bat: euskara bihotzetik ezpainetara! Alegia, beste hitz batzuekin esateko: hizkuntza maitatzea ondo dago, baina euskaldunon kasuan maitatze hutsak ez du balio, gure hizkuntza ezpainetan (eta belarrietan) ez badabil. Hor dago koxka!

Egia esan behar badut, iragarki honek tristura pixka bat sortzen dit neuri. Beharbada, sentipen hau adinak berekin duen malenkoniari zor diot. Malenkonia edo desolazio hau neurea bakarrik  balitz, neure arazoa litzateke eta neurekin joango da.

Norbaitek esan zuen hizkuntzak ez direla desagertzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzeari uzten diotelako baizik. Egia.

Euskaraz hobeto edo gaizkixeago molda daitezkeenen artean, denok ezagutzen ditugu aski- ondo jakin arren, kosta egiten zaienak, eta ahal dela ezpainetaratzeari uko egiten diotenak. Eta, jakina, solaskidea ere erdaraz egitera behartzen dutenak. Hauetako batzuek bihotzaren sakonean badaramate euskara baina erosoago sentitzen dira jakite hori bihotzean goxo-goxo gordeta, nahiz eta jarrera horrek solaskideari ere euskaraz baliatzea oztopatzen dion. Hauen artean, esango nuke, batzuek euskarari dioten maitasuna hain da handia non ez zaien zuzena iruditzen, nonbait, beren ezpain moteletara eramatea. Euskarak hiztun hobeak merezi dituelakoan edo. Holakoei zuzendatukoa dirudi iragarkiak. Ongi.

Bada beste multzo bat, euskaraz ‘normal’ egiten dutenak baina den baino askoz zailago irudikatzen dutenak. Nahiz eta euskaraz tutik ez jakin, inor ez dut oraindik aurkitu, euskara oso hizkuntza zaila dela uste ez duenik eta esaten ez duenik. Hauek ez diote euskarari mesederik egiten: banaka hartuta, hizkuntza guztiak dira berdin konplexuak eta berdin errazak. Jakina, familia bereko hizkuntzez ari garenean (hizkuntza erromanikoez adibidez) axaleko antzekotasunak bistan izan ohi dira. Euskara, nolabait hizkuntza umezurtza denez, guretik besteetara zubia luzea eta korapilatsua gerta liteke.

Baina bihotzean edo ezpainetan dugun hizkuntza edozein delarik ere, burmuinean dugun sena bera da.

Lehengo batean hementxe bertan hizpide izan genuen Beatriz Fernandez-en liburua: Euskara para castellanohablantes. Euskara beste edozein hizkuntza bezalakoa da, guztiek partekatzen baitute gramatika unibertsal dei daitekeen hori, hizkuntza sena, Steven Pinker-en liburu bikainean  ageri den bezala (Steven Pinker (2010), Hizkuntza sena. EHU).

Hizkuntzak, hortaz, hiru kokaleku dituela ematen du: bihotza, ahoa eta hirugarrena, burmuina. Baina, hain zuzen, alderantzizko hurrenkeran ezarri beharko genituzke: burmuinak kontrolatzen du dena, hizkuntza ezagutza bat baita, jakite bat. Burmuinak sortzen duena, nolabait esateko, ahora iristen da. Gizakiok geure bihotzean ere hizkuntza asko izan ditzakegu. Berez, munduko hizkuntza guztiak izan behar genituzke bihotzean. Inongo hizkuntzarik ezin da gorrotatu, ez du zentzurik. Hala ere, ezagutu ez arren eta horrexegatik hain zuzen, ez-ikusia ere egin dakioke hizkuntza bati, ez gorrotatu arren.

Burmuinean daukagun hizkuntza sen hori unibertsala da eta hizkuntzalaritza teorikoak horretaz dihardu. Hizkuntza erreal bakoitzak ere (euskarak, gaztelaniak, frantsesak…) bere gramatika du. Hauetaz arduratzen den jendea bada eta hauen lanaren fruitu izango dira hizkuntza jakinen gramatikak. Euskal gramatikak, esate baterako. Eta hauek laguntzen ahal digute hizkuntzek nola lan egiten duten ulertzen, eta horrenbestez, maitatzen eta erabiltzen.

Eta hizkuntzarekiko maitasunaz ari naizenez, ez dut gaurko saio hau amaitu nahi –datorren udazkenean zer gertatuko den ez dakigu- laster kalean izatea nahi dudan neure gramatika aipatu gabe. Urte luzeak daramatzat horretan, baina nire ustez, orrialde kopurua gorabehera, irakurgarria eta atsegina izatea nahi nuke. Badakit zaila dela hori, baina saiatu behintzat saiatzen ari naiz. Nolanahi ere, ezin ditut burutik kendu gramatika hitzarekin zerikusia bide duten bi hitz: glamour-a batetik, eta kalamatrika bestetik, biak elkarren kontrakoak.

Glamour hitza, ‘grammar’ hitzetik omen dator, alegia, irlandarrek hizkuntzan iaioak ziren pertsonei erreferentzia egiteko erabiltzen zuten, hala nola idazleei edo kontatzaileei. Hitz hau gero,  Bretainia Handian glamour izatera pasatu zen. Ondoren, idazteko nahiz gauzak kontatzeko dohain berezia zutenak ez ezik, beren edertasunagatik, dotoreziagatik edo xarmagatik liluratzen gaituzten pertsonak, ekintzak… aipatzeko erabiltzera pasatu ziren. 

Ingelesek gramatikaren alde xarmagarri horri erreparatu diote glamour hitzari sarbidea ematerakoan. Euskaldunok –ez dut pentsatu nahi zergatik- gramatika horri berorri xarmaren alderdia ez, beste bat ikusi diote, eta kalamatrika hitzari bide eman. Batzuentzat glamour-a dena beste batzuentzat, kalamatrika (‘Hizkera nahasi, ulertezina edo itzulinguruz betea’, gure hiztegien arabera). Horra, nire beldurraren zergatia. Gramatikak, euskarak azken batean, duen glamourraren, xarmaren… alderdia ikustea eta ikusaraztea nahi nuke, eta ez kalamatrikarena. Eta hau neure bihotzaren erdi-erdian euskarak duen lekuagatik.

 

      

 

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Partekatu!!!

Irakurritakoaren eragina handitu nahi baduzu zabaldu zure sare sozialetan.