Iragan maiatzaren 7an gertatu zen. Fabiana Goicoechea Caracaseko hiribide nagusian zebilen paseoan. 16 urte baino ez zituen, zertarako den bizitza jakitera iritsi gabea. Erregimeneko soldadu bati ez zitzaion; nonbait; nerabearen aurpegiera, jarrera edota begirada desafiatzailea gustatu; mehatxugarritzat hartu zuen. Ikararen ikaraz fusilaren kolpekariari eragin eta bi tiro jaurti zizkion. Adingabearen zerraldoa azken hatsetan zetzala ordu horietan hiribidea lepo betetzen zuen jendea saiatu zen zaurituari laguntzen, alferrik, soldaduek piper-gasa jaurtiz oldartu baitzizaizkion jendetzari. Eta hortxe utzi zuten botata neskatoa apurka-apurka odolustu zedin. Gerora, armadak, borreroaren erantzunkizuna zuritzearren, neskatilak labana batez hamar soldadu eraso nahi izan zituela argudiatuko zuen prentsa-ohar batean. Eta horrelaxe amaitu zen afera. Ez zen inongo ikerketarik ireki; ez inolako erantzulerik bilatu; gertaera ez zen, antza, prentsako albiste labur bat ere betetzeko adinakoa izan.

Baina zergatik egin ote zuten ezikusiarena mundu osoko prentsaren hedabideek Fabianaren erailketaren aurrean? Akaso Fabiana ez zutelako Carakaseko hiribide nagusian exekutatu, Damascus Atean baizik, Jerusalemeko alde zaharrerako sarreretako batean. Eta erregimeneko soldaduek akatu zuten, bai, baina ez bi tiro jaurtita, hogei baizik. Eta hil zorian zegoen neskatoa lagundu nahi izan zutenak piper-gasaz sakabanatu zituzten zauritua odolustu zedin. Eta gerora, soldaduak labana batez erasotu nahi izana leporatu zioten hildakoari. Eta Fabianak 16 urte zituen, bai, baina ez zen Fabiana, Fatima Hajiji baizik, eta palestinarra zen. Eta neskatila palestinar baten debaldeko erailketa ohikoegia da, egunerokoegia prentsako albiste bilakatzeko.

Zergatik ote da batzuen heriotza hizki larriz eta besteena hizki xehez idazten dela prentsa hegemonikoko komunikabideetan? Zergatik ote da gehiago hunkitzen gaituela Fabiana baten erailketa Fatima batena baino? Badira lehenengo, eta bigarren mailako hiladakoak, eta palestinarren haragia oso merke saltzen da nazioarteko merkatuetan. Low cost haragia da.

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies