Errekaleor ez ezik, «Herria bizik» dagoela aldarrikatuko dute manifestazioan. Gorka Urtaran alkateak salatutakoa gezurtatu dute, hau da, negoziatzeko borondatea badutela, eta horren frogak aurkeztu dituzte. Gainera, asteburuko jaiak aurrera doaz.

Osteguneko argi mozketaren ostean, indar erakustaldia egin du Errekaleor Bizirik! proiektuak, beste eragile batzuen babesarekin. Auzoa askean eskainitako prentsaurreko batean, atxilotutako eta zauritutako pertsonei elkartasuna adierazi eta «inoiz baino indartsuago» daudela ohartarazi dute.

«Ehundaka pertsonek euren gorputz eta bihotzekin» defendatu arren, ostegunetik argindarrik gabe daudela salatu dute. Eraso honen aurrean, erantzun sendoa iragarri dute, eta manifestazio internazionala deitu dute ekainaren 3an, Arabako hiriburuan. Gasteizko Andra Maria Zuriaren enparantzatik abiatuko da 17.30ean, Errekaleor auzoan bukatzeko, eta masiboa izatea espero dute. «Guk argi daukagu. Herria bizirik! Defendamos Errekaleor» lelopean, Euskal Herriko zein nazioarteko herri mugimendu osoaren babesa lortu nahi dute, Errekaleorren mezua Gasteiz osoak bereganatuz.

Gainera, hasi dira bilerak egiten herrialdeko eragileekin eta nazioarteko harreman ezberdinekin, atxikimendu ezberdinak bereganatzeko. Manifestazio egunera arte burubelarri arituko dira lanean eta goizeko lehen orduetan, prentsaurrekoaren aurretik, manifestaziorako deia egiten zuten kartelak ikusi ahal izan dira hiriburuko puntu ezberdinetan.

Jaiak aurrera eta sorpresekin

Aspalditik iragarri zuten maiatzaren 26ko asteburu honetan auzoko jaiak egingo zituztela Errekaleorren. Hala ere, ostegunean argia moztu ostean, zalantza ugari zeuzkaten: ez zekiten jaiak posible izango ziren. Azkenean, jaiak mantenduko dituzte, eta sorpresa ezberdinekin gainera. Jai hauek aldarrikatzaileak izateaz gain, festa giroan ospatuko dituztela gaineratu dute, bertaratzeko deia eginez. Asteazkenean hasi eta larunbatean emango diete amaiera auzoko jaiei; kontzertuez eta bestelako ekimenez gain, larunbat goizerako auzolana deitu dute, bazkari herrikoiaren aurretik.

Urtaranen adierazpena frogekin gezurtatu dituzte

Errekaleorren aurkako osteguneko erasoaren ostean, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak 24 ordu behar izan zituen adierazpenak egiteko. Adierazpen horietan, gogor jo zuen Errekaleorren aurka eta hau eraitsi behar zela azpimarratu zuen. Gainera, Errekaleorreko auzokideek «negoziatzeko borondaterik ez» zutela adierazi zuen.

Errekaleorreko auzokideek hori gezurtatu dute; gezurtatzeaz gain, Errekaleor Bizirik! proiektutik Urtaran alkateari bilera bat eskatzeko egindako eskaera ofizial bat erakutsi dute hedabideen aurrean (beherago atxikituta). Eskutitz horretan, orain dela bi hilabete (martxoaren 17an) bilera bat eskatu zioten Gasteizko alkateari, modu formal eta ofizialean; aldiz, bi hilabeteren ostean, ez dute Udaleko edo alkatearen erantzunik jaso.

Gainera, argiaren mozketa «auzokideen segurtasunaren mesedetan» egin dela gezurra dela salatu dute. Izan ere, auzoak instalazio elektriko egokiak badituela, baina «Udalak hau aztertzeko asmorik» agertu ez duela salatu dute. Argimozketak berak «auzokideen segurtasuna eta bizi baldintzak arriskuan» jarri dituela eta Urtaranek auzoa «eraso sexistetarako puntu beltza bilakatu duela» adierazi dute.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Partekatu!!!

Irakurritakoaren eragina handitu nahi baduzu zabaldu zure sare sozialetan.