Goizean goiz, auzo asketik mehatxuaren berri eman dute. Ertzainak auzo askera bidean daudela jakinarazi dute auzokideek, Iberdrolarekin batera, argia mozteko asmoarekin.


[Informazio eguneratzen joango gara]

Eusko Jaurlaritzako Industria sailaren aginduz Errekaleor auzoko argindarra kendu du Iberdrolak. Ertzaintza gogor oldartu zaie auzokideei; bertakoek, erresistentzia baketsua erabili dute hau saihesteko.

Goizeko 10:00ak aldera iritsi da Ertzaintza Errekaleorrera, eta, lehenengo unetik, tentsioa egon da auzoan. Gazteek autodefentsa hautatu dute, eta Ertzainak laster hasi dira auzokideei bultzaka. Segidan azaldu dira poliziaren beste 10 furgoneta eta, haiekin batera, Iberdrolaren 6 auto, argia mozteko asmoz. Eguerdi aldean jakin denagatik, Jaurlaritzaren Industria sailetik etorri da agindua; elektrizitatea hartzeko modua ez zela egokia, eta auzokideen segurtasuna bermatze aldera hartu dutela erabakia jakinarazi dute.

Errekaleorreko biztanleak, berriz, argindarraren koadro nagusia babesten jarri dira andamioekin, herri harresi modura. Berehala hasi dira ertzainak jendea bertatik ateratzen. Oso jarrera bortitza izan du poliziak aldioro, eta harresian zegoen jendea tiraka eta bultzaka kaleratu dute. Auzokoek lehen minututik eman dute honen berri sare sozialetan, eta horregatik ere mehatxuak jaso dituzte ertzainengandik.

Goizak aurrera, tentsioa gora

Argindarraren koadroa babesten ari ziren lagunen kontra egin dutenean jarrera gero eta bortitzagoa erakutsi dute ertzainek. Hasi orduko, lagun bat atxilotu dute bertan. Baina babesten zegoen jendea eramandakoan obretako materiala zegoen koadroa babesten, eta barruan auzokide batzuk kateatuta.

Erresistentzian jarraitu dute auzokideek eta andamiotik “Guk argi daukagu” pankarta zintzilikatu dute. Momentu horretan, sartu dira auzo barrura Iberdrolako langileak; bertaratutako prentsa eta udaleko zinegotziei, berriz, ez diete utzi gerturatzen, eta auzoaren kanpoaldean gelditu behar izan dute. Gasteizko suhiltzaileei ere eskatu diete interbenitzeko, baina hauek uko egin diote. Euren hitzetan: “Soilik larrialdi egoera bat badago sartuko gara auzora”

Tarte honetan, poliziaz osatutako lerroa hautsi, eta, aginduari muzin eginda, auzora sartu da bertaratutako jendea. Ordurako eguerdiko 12ak ziren, eta artean ez dute lortu argindarraren koadrora sartu; izan ere, barruan zegoen jendea kateatuta zegoen, eta besoak lotuta. Orduan erabaki dute elektrizitatea etxez etxe zuzenean moztea. Guztira, hiru lagun atxilotu dituzte goizean zehar eta horietatik bi, aske zeuden arratsalderako.

Tarte horretan tentsioak gori jarraitu du, eta kazetarien kontra ere aritu dira.

Kazetarien kontrako erasoak

Goizeko lehen orduan Topatu agerkariko kazetari bat identifikatu dute, eta auzotik kanporatu.

Eguerdian, berriz Hala Bediko kazetari bati oldartu zaizkio ertzainak, grabatzen ari zela. Kazetariari bultza egin, kolpatu eta berri emateko zerabilen telefonoa borrarekin jo eta airean bota eta hautsi dio. Momentu horretan, kazetariak prentsa karneta erakutsi eta plaka zenbakia eskatu dio. Honek, hasieran identifikatzeari uko egin dio, eta prentsa karneta kendu dio. Minutu batzuetara, kazetaria identifikatzera etorri denean, karneta itzuli dio eta bere plaka zenbakia zein den jakinarazi dio. 

Eguerdiko ordu bata aldera jakin da argindarra kendu dietela bertan bizi diren 150 auzokideei. Etxeetako batetik lagun bat atera dute ibili ezinik eta beste bat anbulantzian eraman dute. 

Manifestazioa

Arratsaldeko 19.00etan, Errekaleor Bizirik proiektuari elkartasuna adierazteko milaka pertsona bildu dira Gasteizko kaleetan Andra Mari Zuriaren plazatik irten den manifestazioan. Gorka Urtaran alkateari mezu argi bat zuzendu diote Errekaleorreko auzokideek, «bide judizialetik lortu ezin dutena, indarkeria erabiliz gauzatu» nahi omen duelako. Azkenik, jasotako elkartasunagatik eskerrak eman diote Gasteizko herriari.

Eguneko lehenengo kronika gure lankide Mikelek Suelta la olla irratsaioan egin du. Entzun

Goizeko azken kronika estudioetan bertan. Entzun

 

 

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies