Astelehenean, maiatzaren 15ean, 69 urte bete ziren mugimendu sionistak Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu eta herri palestinarraren garbiketa etnikoari ekin zionetik. Arabiarrek Al Nakba izenez izendatzen dute zorigaiztoko efemeride hori: Al Nakba, hondamendiaren eguna. Izan ere, orduantxe abiatu zen ia zazpi hamarkada geroago gordintasun osoz dirauen genozidioa. Data hori zizelkatuta daramate palestinarrek euren kode genetikoan, eta urtez urte oroimenerako eta protestarako eguna dute maiatzaren 15a, sei milioi errefuxiatuen jaioterrira bueltatzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna.

Aurtengo Al Nakba egunak, baina, ezohiko karakterizazio berezia izan du. Izan ere, iragan apirilaren 17an, Preso Palestinarrekiko Elkartasun Egunarekin batera, espetxeratu palestinarrek mugagabeko gose greba masiboari ekin zioten. Kolektiboa osatzen duten 6500 gatibuetatik 1500ek egin dute bat deialdiarekin. “Askatasuna eta Duintasuna” leloa duen protestaldiak gutxieneko aldaketa batzuk aldarrikatzen ditu espetxe-baldintzetan:

  • Liburuak eta egunkariak eskuratu, eta unibertsitate ikasketak burutu ahal izatea
  • Hilean ordubeteko bi bisitaldiko erregimenera bueltatzea; eta senitartekoen bisitak baimentzea.
  • Arreta mediko duina jaso ahal izatea.
  • Halaber, protestariek bidegabeko atxiloketen politikak salatzen dituzte; eta aldarrikatzen dute bertan behera gera daitezela isolamendu erregimena, atxiloketa “administratiboak” (kargurik eta epaiketarik gabeak, eta mugagabeak), eta presoak Israelera mugiarazte politikak. 

Baraualdiari hasiera eman ziotenetik, Palestinako alderdi politiko guztietako 1600 presotik gorara iritsi da grebalarien koporua, eta dagoeneko somatzen hasiak dira osasun ondorioak haiengan. Haiekiko elkartasunean Palestinako hirietan ere grebalari solidarioentzako karpak ezarri dituzte. Horietako batean preso ohi bat hil da barauaren ondorioz, Mazan al Maghrebi, 30 urtekoa. Protestaldia isilarazi nahian Israelgo espetxe-administrazioa grebako antolatzaileetako batzuk Negeveko basamortuko espetxera mugiarazi, eta beste zenbait isolamendu erregimenean sartzen ari da. Gainera, mehatxatu dute bortzaz elikatuko dituztela grebalariak. Eta gauza jakina da gose grebalari bat bortzaz elikatzea torturatzat daukala nazioarteko legediak.

Presoen afera garrantzi handikoa da Palestinako gizartean; izan ere, azken 50 urteotan 850.000 palestinar pasatu dira Israelgo ziegetatik, populazioaren %20 eta gizonezkoen %40; eta ondorioz, gizarte osoa zuzenean edo zeharka ukitzen duen gatazka eta elementu bateragarria da herri palestinarrarentzat.

Baina Palestinako gizarte osoa astindu duen muturreko ekintza honek ez du apenas oihartzunik izan prentsako hedabide hegemonikoetan, akaso 1600 preso politikoren bizitzak hutsaren hurrengoa balio duelako, are gutxiago palestinarrak direnean. Bost axola, Ysrael Katz Israelgo Inteligentzia Ministroak proposatu duen bezala, grebalari guztiak akatzen badituzte, palestinarren okela oso merke ordaintzen baita nazioarteko merkatuetan.

Beraz, Israelgo estatuaren sorreratik eta palestinarren hondamendiaren hasieratik 69 urte betetzen diren Al Nakba egun honetan, nazioarteko gobernuen eta prentsa hegemonikoko hedabideen axolagabekeriaren aurrean, gure ardura da, gizarte zibil solidarioarena, eta komunikabide libre eta konprometituena, grebalari palestinarren eta, oro har, herri palestinarraren bozgorailu izatea. Hala Bedin ere eman diezaiegun beste hedabideetan ukatzen dieten ahotsa. Izan gaitezen haien duintasunaren lekuko.

 

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies