Zuetako gehienok entzungo zenuten noizbait hiri kondairaren bat. Gustu guztietarako daude: Ricky Matin zaletu baten logelako armairuan gordeta zegoelarik, telebistako saio bateko sorpresaren protagonista izan behar zuen neskatoak, marmelada pote bat tarteko, bere fantasia zoofilikoak praktikan jarri zituenekoa; edo Ana Obregon hegazkin batean zihoala, presio aldaketaren eraginez, protesiek eztanda egin ziotenekoa; edota Debako errepidean istripu batean zendu zen errebueltan bertan gauero autoestopean dabilen neskarena. Kondaira horiek guztiek komuneko ezaugarri batzuk dauzkate. Kontatutakoa egia delako inongo zantzurik ez badago ere, berri emaileak itsu-itsu sinesten du istorioaren egiazkotasunean. Normalean hirugarren mailako informatzaile bat izaten da gertatutakoaren lekuko zuzena, koinatu baten lehengusuaren laguna edo. Istorioak egia izateko itxurarik ez izanagatik, kontalariak sinestu egin nahi du, horrelako gertaera harrigarri baten berri emailea izateak interesgarriagoa egiten baitu bere bizitza aspergarria. Azken aldi honetan badira watsapp taldeetan bolo-bolo dabiltzan hiri kondaira mordo bat, baina bereziki kezkagarriak iruditzen zaizkit siniskerien jomugan gizarteko sektorerik ahulenak edo gutxituenak dituztenak, horien artean komunitate musalmanaren ingurukoak. Batek baino gehiagok jasoko zenuten, seguraski, Villagordoko alkatea eta eskolako jantokiko txerri okelarena. Informatzaile anonimo baten arabera Jaengo Villagordo herriko komutitate islamiarrak txerri haragia debekatu nahi du eskolako menuan, eta alkateak uko egin dio musulmanen aldarrikapenari. Igorleak exijitzen die kanpotarrei euren usadio barbaroak utzi eta ohitura espaniarrei men egin diezaietela, mundu guztiak dakielako ohitura espainiarrak zibilizatuagoak eta kultuagoak direla, eta nahi izan ezean, alde egin dezatela etorri diren bide beretik. Gutxieneko sen kritikoa duen edozein irakurlek berehala somatuko dio hiri kondaira kiratsa mezuari, are gehiago, googlen bilaketa azkar bat egin eta egiaztatzen badu aipatutako zurrumurrua Frantziako eskuin muturreko sektoreetan duela jatorria, eta berak jasotakoa originalaren itzulpen trakets bat baino ez dela. Baina bidaltzaileak kontatutakoa sinistu nahi izan duelako bidali du; eta egiazkotasun itxurarik ez badu ere, benetan sinistu nahi du, gainera;   inkonszienteki bere aurreiritzi xenofobo ezkutuenak egiaztatuko dituen zantzu baten bila dabilelako.

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR