Martxoaren 30ean pasako da Korrika Gasteiztik. Gasteizko Gaztetxeak eta Hala Bedik kilometroa hartuko dugu batera, Kutxi kaleko sarreran. Arratsalde eta gauean, jaialdia antolatu dugu Gaztetxean; besteak beste, Itziarren Semeak egongo da Muinoko Etxean.

1980. urteaz geroztik, bi urtean behin Euskal Herriko txoko ezberdinak igarotzen ditu Korrika ekimenak, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea helburu dituen egitasmo erraldoiak. Urtero egin bezala, aurten ere hamaika kilometro egingo dituzte korrika euskaltzaleek martxoaren 30an Otxandion hasi eta apirilaren 9an Iruñean amaitu bitartean.

Gasteizetik, martxoaren 30ean, osteguna, igaroko da Korrika, Otxandiotik irten eta berehala. Egun berezi hori aprobetxatuz, behin baino gehiagotan egin bezala, Gasteizko Gaztetxeak eta Hala Bedi irratiak kilometro bat egingo dugu elkarrekin. Baina, Faroloitik  Kutxi kalean barrena korrika elkarrekin egiteaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatu ditugu egun horretarako.

Kutxi kale hasierako lekukoa Nerea Bengoak eramatea erabaki dugu Gasteizko Gaztetxeak eta Hala Bedik. Nerea Bengoa preso politiko ohia, Hala Bedin eta Gaztetxean ibili zen orain dela urte batzuk: 16 urteren ostean aske geratu zen martxoaren 18an.

Gainera, Hala Bedi Bi-ko ARABA HIZPIDEk ere bere kilometroa izango du. Ostegunetik ostiralerako gauean hartuko du, goizeko 03:15etan, Albainatik Baxaurira, Trebiñun. EUSKALDUNTXARRAKeko kideek ere haiekin batera egingo dute korrika.

Korrika Jaia arratsaldeko 19:00tan hasiko da, Faroloian bertan, zenbait luzaketa ariketa ezberdinekin, tartean, Araiako hankapaloak, musika eta material salmentarekin. Ondoren, 20:30tan, Zunba beroketa izango dugu eta 21:00tan korrika egiteko txanda izango da. Behin Korrikak Gasteizko alde zaharrari agur esan eta gero, Ttek Elektrotxarangarekin kalejira egingo dugu Garraxi tabernatik Gaztetxera bertara. Eta ondoren, Korrika Jaiari segida emateko, doako kontzertua izango dugu Gaztetxean: Itziarren Semeak talde mungiarra, labetik atera berria duten “EH Republik” diskoa aurkezten. Kontzertua amaitu eta gero, zenbait disko-jartzailek, ordurako bero egongo den gaua girotzen jarraituko dute.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies