ZURIA BELTZEZ – 293 – izkutukoak berreskuratzen

ZURIA BELTZEZ – 293 – izkutukoak berreskuratzen

Ohore bat da guretzat ordubetez gustoko ditugun kantak aukeratzen ibili ahal izatea. Gaurko honetan, blues jatorra, blues eta indiako kulturen arteko nahasketa, mexikar R&R feminista, funk salatzailea, soul etsita, garage baikorra, psikodelia itxaropentsua, latin-jazz alaia, brazil leuna, eta jamaikar soinu gazi-goxoak. Aniztasunaren bidez belarriak aberasteko moduko sesio aparta. Galduko duzu?
0- Flash & the Dynamics – Electric latin soul 1- B.B. King – Think it over 2- Ellen McIlwaine with Cassius Khan – Crawlin’ kingsnake 3- Raul Hitler – Vivan las mujeres! 4- Brenda George – I can’t stand it 5- Johnny Thunder – Verbal expression of TV 6- Jack Hammer – Down in th subway 7- The What’s New – Up so high 8- Colores – Es mejor olvidar 9- Eddie Palmieri – Que suene la orquesta ahora 10- Teca & Ricardo – Senhor Di Piloto 11- The Actions – Giddy up 12- Los Granadians – Problemas

Entzun
Martxoaren 8an feminismoa zorrozteko deia egin du mugimendu feministak

Martxoaren 8an feminismoa zorrozteko deia egin du mugimendu feministak

Mugimendu Feministak Martxoaren 8ko mobilizazioak aurkeztu ditu Gasteizen. Gasteizko manifestazioa 20:00etan abiatuko da San Anton plazatik. Gazte eragile feminista ezberdinek aste guztiko egitaraua antolatu dute.

“Contra la barbarie heteropatriarcal, #FeminismoaZorroztu. Renfor Çons Le Feminisme”. Hori izango da aurtengo aldarria Euskal Herrian Emakume Langilearen Nazioarteko egunean. Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazioen baitan, Euskal Herriko Koordinadora Feministak deituta, Martxoaren 8ko mobilizazioa 20:00etan abiatuko da San Antón plazatik.

2016a urte beltza izan zen indarkeria matxistari dagokionez Gasteizen. Datuek argi uzten dute 100 atxiloketa baino gehiago egon zirela hiriburuan indarkeria matxistagatik. Hala ere, horrek ez du esan nahi soilik eraso kopuru hori egon denik. Salaketa honekin, “emakumeek libre bizitzeko” eskubidea aldarrikatu dute, “Gasteiz, Araba eta Euskal Herri libre batean”. Gainera, 2017. urteko hasiera ikusita, ez dira batera baikor agertu mugimendu feministatik: “Erasoak eta datuak ikusita, urtearen balantzea oso makabroa izan daiteke”.

Euskal Herriko Koordinadora Feministaren deialdiak

Bide batez, Euskal Herrira etor daitekeen “Hazte Oir” elkarte transfobikoaren presentzia salatu dute Mugimendu Feministatik, mezu argi batekin: “Gutako bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte”. “Hazte Oir” elkarte ultrakatolikoa zer den azaldu genuen gurean.

Gazte Feministon Astea

Gazte eragile feminista ezberdinek “Gazte Feministon Astea” antolatu dute. RKmeak, Negeak, Gasteizko Gaztetxeak eta GUET talde feministek, martxoaren 6an hasi eta 12an amaituko diren ekimen ezberdinak antolatu dituzte elkarlanean. Besteak beste, Martxoaren 8an bloke ezberdinak egingo dituzte 20:00etako mobilizazio nagusiarekin bat egiteko. Gainera, larunbatean, “Jai Tematikoa” egingo dute Gasteizko Gaztetxean.

 


Bideoa: 

“Contra la barbarie heteropatriarcal, Feminismoa zorroztu!”, Gasteizko Mugimendu Feministaren bideoa.

 

 

 

 

 

 

[Iritzia] “Patria gelditzeko etorri da” -Iban Zaldua-

[Iritzia] “Patria gelditzeko etorri da” -Iban Zaldua-

Garai batean ingenuo batzuek, Jokin Muñoz idazleak edo –aitor dut– nik neuk bezala, pentsatzen genuen euskal literatura garaikidearen nazioarteko sormarka, Munduko Letren Errepublikan ezagun egin ahal izango gintuen gai izarra, Euskal Gatazka dontsua izango zela, euskal terrorismoen inguruko fikzioa, edo, norberak bere aldetik deitzen zion bezala, Gauza (“La Cosa”).

Denborak erakutsi zigun zein oker geunden. Alde batetik, ematen zuen nazioarteko arrakastan, euskarazko literaturari tokatzen zitzaion portzentaje ñimiñoan, Amèlie ildoko nobela adeitsuek izango zutela lehentasuna (SPrako tranbia), edo euskal kostunbrismoa postmodernoki berritzen zuten produktuek (Bilbao-New York-Bilbao). Bestetik, gure terrorismoa oso txiki geratu zen XXI. mende honetako terrorismo globalaren bektore nagusien ondoan, are gehiago ETAk bide armatua utzi eta gure bake prozesu eternalari hasiera eman zion momentutik.

Baina, paradoxikoki, agian Gauza bai izango dela erdarazko euskal literaturaren salbazioa, Fernando Aramburu idazle donostiarraren Patria eleberriaren arrakastak aditzera emango lukeen bezala.

Ezin da ukatu Arambururen irrika: Gauzaren Inguruko Nobela Handia eraiki nahi izan du, jazarpenak eta hilketak etsaitutako bi familien istorioak txirikordatuz, 1980ko hamarraldiko berunezko urteetatik gaur egungo –ustezko– berrasdiskidetze uneetara arte, seiehun orrialde pasatxo erabiliz horretarako. Den-dena agertzen da: atentatuak, tortura, ETAren biktimek jasandako bullying soziala, euskal gizartearen indiferentzia, kartzela eta presoen sakabanaketa, komando baten jardunaren gorabeherak… Baina hori guztia prosa hanpatu batez aurkezten zaigu, estereotipotik apenas urruntzen diren pertsonaien bitartez, melodramaren baliabide ohikoak direla medio… Ez da harritzekoa liburua argitaratu eta horren gutxira telesail bihurtzeko akordio bat lotu izana: nobela hain da eskematikoa ezen apenas egin beharko baita gidoi sinpleenerako egokitzapen-lanik…

Obra, zer esanik ez, “ETAren garaipen literarioa” lortzeko tresna gisa sortu zen, egileak berak aldarrikatu bezala, eta baita Gauzaren inguruko “behin betiko nobela” bihurtzeko ere, argitaletxearen propagandak apalki defendatzen zuen bezala: euskal literaturak alor horretan egindako lan guztia alboratzen zen horrela, hots, Saizarbitoriak, Muñozek, Montoiak, Atxagak, Canok, Lertxundik, Hernandez Abaituak, Urretabizkaiak, Otamendik, Rodriguezek, Epaltzak eta beste batzuek idatzitako guztia… Baina zer axola: euskaraz argitaratu zuten horiek guztiek, hizkuntza gutxitu batean alegia; ia ikusezinak dira, beraz.

Agian arazoa da, gainera, aipatutako guztiak Literatura egiten saiatu zirela gaiarekin: Literatura maiuskulekin, eta ez foilletoia, Aramburu bezala. Eta agian horregatik, orobat, ez zuten haien lanek Patriaren oihartzuna lortu.

Akaso heldu zaigu ordua, Gauzaren Inguruko Euskarazko Nobeloi Handia lortzeko bide estrategikoan, literatur anbizioak bezalako tontakeriak abandonatzeko, eta adituengana propio jotzeko; nik zer dakit, Jon Arretxe, Jasone Osoro, Alberto Ladron Arana edo Karmele Jaiorengana… Eta Eusko Jaurlaritzako edo Nafarroako Gobernuko Kultura sailek ez badute horretarako berehalako kreditu-lerro bat irekitzen, crowdfunding baterako deia zabal genezake, presazkoa baita kontua, eta best-sellerrak ez baitira gaurtik biharrera manufakturatzen…

 

Entzun
‘Grabatzea ez da delitua’, herri komunikabideak elkarlanean

‘Grabatzea ez da delitua’, herri komunikabideak elkarlanean

Mozal legea edota beste lege batzuk aplikatuz, poliziek eta agintari politikoek ez dute inork ikusi eta epaitzarik nahi funtzionario publiko horien jardun publikoa. Ahotsa, Argia, Topatu, Hala Bideo eta Ekinklik herri komunikabideok, Eleak/Libre mugimenduarekin batera, elkarlanean kanpaina txiki bat abiatzea erabaki dugu: “Grabatzea ez da delitua”. Bideo horietako bakoitzean erpin ezberdin batetik helduko diogu gaiari.

Finean, iturri informatibo bilakatu gara herritarrok Euskal Herrian, munduaren beste bazter askotan bezala. Baina poliziek eta agintari politikoek ez dute inork ikusi eta epaitzarik nahi funtzionario publiko horien jardun publikoa. Informazio eta fiskalizazio eskubidearen aurkako erasoa bizi dugu azken urteotan zenbait adierazpen, lege-erreforma eta polizia-indarkeria, isun eta mehatxuen bitartez.

Ofentsiba zentsuratzaile horren ondorioak nabarmenak dira, bereziki 2015eko uztailaren 1ean Mozal Legea indarrean sartu zenetik. Orduz geroztik, beldur handiagoa diogu herritarrok grabatzeari, eta aitzitik, zigorgabetasun handiagoz aritzen da Polizia. Denon eskubideak praktikara eramateagatik asko dira isundu edo auzipetu dituzten herritar eta kazetariak. Horietako kasu askoren berri izan dugu, baina, zenbatetan uko egin diogu grabatzeko eskubideari Poliziaren mehatxuak behartuta? Horrelakoetan ez da isunik edo epaiketarik, baina kaltea ez da txikiagoa. Hamaika direlako ez grabatzeagatik itzalean geratu diren gehiegikeriak. Errepresio hori ikusezina zaigu eta autozentsura sustatzen du.

Bideo sorta elkarlanean

Egoera horren aurrean Ahotsa, Argia, Topatu, Hala Bideo eta Ekinklik herri komunikabideok, Eleak/Libre mugimenduarekin batera, elkarlanean kanpaina txiki bat abiatzea erabaki dugu. “Grabatzea ez da delitua” leloa ardatz hartuta, informazio eskubidea aldarrikatuko dugu lau bideoz osatutako sorta baten bitartez. Otsailaren 27an hasita astelehenero bideo bat zabalduko dugu, gure komunikabideetan eta sare sozialetan.

Bideo horietako bakoitzean erpin ezberdin batetik helduko diogu gaiari: Lehendabizikoan gaia kokatuko dugu; herritar guztion eskubidea dela azpimarratuko dugu, astebete geroago uste ustel eta informazio desitxuratu interesatuen gainetik, Mozal Legeak ere ez duela Polizia grabatzea debekatzen gogoraraziko dugu; hirugarrenean, grabatzearen garrantzia eta balioa azalduko ditugu; laugarren eta azkenekoan, gure eskubidea den hori praktikara eramateko gomendio batzuk proposatuko ditugu.

Grabatzea ez da delitua, praktikatu ditzagun gure eskubideak.


  1. ‘Polizia grabatzea herritar guztion eskubidea da’

2.  ‘Zure eskubidea da | Es tu derecho’

3. ‘Grabatzearen balioa’

4. ‘Polizia grabatu, bai, baina nola?’

1

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies